Kale garbiketako eta zabor bilketako langileak kalera aterako dira Zinemaldian
Gipuzkoako kale garbiketako eta zabor bilketako sindikatuek protestarako deia egin dute, patronalak lan hitzarmen berria negoziatzeko borondaterik ez duela iritzita. Hala, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek “intentsitate handiko ziklo mobilizatzailea” hastea erabaki dute udazkenean, eta lehen elkarretaratzea 71. Zinemaldian egingo dutela iragarri dute.
Sektoreak 1.500 pertsona baino gehiago hartzen ditu bere baitan, besteak beste: kale garbiketa, zabor bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze plantak, estolderia eta abar. Salatu dutenez, urtarrilean sindikatuek 28 puntu biltzen dituen dokumentu bat aurkeztu zioten patronalari, baina hark ia proposamen guztiak baztertu ditu.
Bestalde, azken egunotan Telefonicak azpikontratatutako Cotronic enpresan izandako bi istripu salatzeko, ELA sindikatuak elkarretaratzea egingo du asteazken honetan, 18:30ean, Donostiako Telefonicaren egoitzaren aurrean (Familia Santua kalea, 5).