«Gero arte» esango du Liher taldeak
Joan den ostiralean kaleratu zuten donostiarrek Hortzak kanta eta bideoklipa. Zabaldu zuten mezuan, zerbaiten despedidaz hitz egin zuten, zehaztu gabe zertaz: “Tartetxo batez zuekin jarraitu eta gero agurrak etorriko dira; baina gauza bakoitza bere momentuan, ez gara aurreratuko”. Bada, gaur argitu dute arrazoia: atseden bat hartuko du taldeak. Merezitako atsedena.
Izan ere, taldea zortzi urtez aritu da “jo ta fuego”, kasik atsedenik hartu gabe. 2015ean grabatu zuen Lide Hernandok bakarka bere lehen lana, Arrazoi gutxi, denbora asko. Lana aurkezteko taldea sortu zuen hainbat lagunekin, tartean Iñigo Etxarri eta Joshka Natke –orain arte taldekide izaten jarraitzen dutenak–. Taldea sortu, eta etengabe aritu dira lanak kaleratuz: Hauts (2016), Tenpluak erre (2018), Hemen Herensugeak Daude (2020) eta Eta hutsa zen helmuga (2021), den-denak autoekoiztuak.
Argitu dutenez, agurra ez da “betirako” izango, baina ez dakite noiz arte izango den. Hainbat kontzertu ditu taldeak aurreikusita, baina agur gisa hiru data aurkeztu dituzte: urtarrilaren 26an Gasteizko Jimmy Jazzen, otsailaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian eta martxoaren 2an Donostian, oraindik lekua konfirmatu gabe.
Hedabide honek, bere azken lana aurkezterakoan elkarrizketa zabala egin zion taldeko abeslari Lide Hernandori. Irakurri hemen.