Lau bidaia titulu sortu ditu Dbusek, guztiak QR kodearekin
Dbus konpainiak bere autobus lineak erabiltzeko lau bidaia titulu sortu ditu. Tituluek 30 minutuz (egunez edo gauez), 24 orduz eta 48 orduz nahi adina bidaia egiteko aukera ematen dute. 30 minutuko eguneko tituluak 1,85 euroko kostua du, eta gauekoak 2,5 euro —gaur egun bidaia batek balio duena—. Aldiz, 24 orduko titulua 6 euroan eskuratu ahal da, eta 10 euroan 48 ordukoa.
Titulu berri horiek Dbusen mugikorretarako aplikazioan erosi daitezke dagoeneko, eta erosterakoan QR kode bat sortuko da. Hain zuzen, kode hori da autobusera igotzerakoan bidaia balioztatzeko erabili behar dena. Oraingoz, sistema berria gidariaren ondoan dagoen balioztatze makinan soilik erabil daiteke, baina Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak aipatu duenez, hilabete batzuen buruan sistema hori autobuseko makina guztietara zabaltzeko asmoa dute.
Gehienbat turistei begira hartutako neurria izan dela nabarmendu du Gonzalezek —Eassy leloarekin aurkeztu dute—. Neurri martxan jartzeak 75.000 euro inguruko kostua izan du, eta horietatik 50.000 euro inguru Europako E-Mobask egitasmoak eta Next Generation EU funtsak jarri dituzte.