Kalteberatasun egoeran dauden pertsonak zinema aretoetara sartzeko erraztasunak emango ditu Zinemaldiak
Bigarren urtez jarraian, Zinemaldia eta SOS Arrazakeria elkartea elkarlanean ariko dira, “SOS Arrazakeriak garatzen dituen programetan parte hartzen duten pertsonen kultur bizitzarako eskubidea erraztuz”, arrazakeriaren aurkako elkartearen hitzetan.
“Aurten ere, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak kalteberatasun egoeran dauden pertsonak zinema aretoetara sartzen laguntzeko urratsak eman ditu. Testuinguru honetan, Zinemaldiak SOS Arrazakeria Gipuzkoarako sarrerak eskaini ditu, Izan Harrera mentoretza sozialeko programan parte hartzen duten pertsonentzat”, azaldu du SOS Arrazakeriak. Tokiko pertsonak edo familiak pertsona errefuxiatuen gizarte mentore izatea du helburu programa horrek, pertsona errefuxiatuen harrera eta bidea errazagoa izan dadin eta, bide batez, adiskidetasuna sortu dadin mentoreen eta errefuxiatuen artean.
Horrela, elkarlanarekin pozik agertu dira SOS Arrazakeriakoak: “Zinemaldiak pertsona etorkinekiko harrera helburuen alde egiteko babesa berritu izana txalotzekoa da, eta honela aitormena egin nahi diogu”.