550.000 erabiltzaile baino gehiago izan dira udan Donostiako kiroldegietan
Donostia Kirolaren udako denboraldiak marka berria hautsi du bere instalazioetan. Dagoeneko itxi dira Etxadi, Intxaurrondo eta Altzako kanpoko igerilekuak, eta, guztira, 550.000 erabiltzaile baino gehiago izan dituzte, iazko udan baino %11 gehiago. Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren arabera, Altzako kiroldegia berriro nabarmendu da, erabiltzaile kopurua handitzen jarraitzen baitu.
Hala, Altzako kiroldegiak %15 handitu du erabiltzaile kopurua udan, eta 95.000 erabiltzaile izatera iritsi da. Soilik Yoldik gainditu du kopuru hori, 109.481 erabiltzailerekin. Kanpoko igerilekuak dituzten beste bi instalazioei dagokienez, Etxadik 70.067 erabiltzaile izan ditu (%2,5 gehiago), eta Intxaurrondo, 54.417 sarbiderekin, uda honetan erabilera jaitsi duen udal kirol instalazio bakarra da (%3,3 gutxiago).
Donostia Kirolak jakinarazi duenez, kirol ekipamenduetarako sarrera gehienak Kirol Txartelarekin egin dira (516.361 sarrera), eta gainerakoak eguneko sarrerekin (16.586 sarrera salduta) edo hamar erabilerako bonuekin (1.089 bonu salduta). Uztailaren 10ean izan zen jende gehien bildu zen eguna, 8.739 pertsona hurbildu baitziren udal kiroldegietara.
Gainera, Kirol txartelean abonatutako pertsonen 3.500 alta berri erregistratu dira, egindako edo berritutako hileko 7.169 abonamenduez gain.