Izarren arteko lehenengo pausoa emango dute
Take Kubo, joan den asteburuko Real Madrilen aurkako partidan; bera izaten ari da Realeko jokalari onenetarikoa azken asteotan. (Argazkia: Reala) Hamar urteren ostean, Reala Txapeldunen Ligara itzuliko da gaur (hilak 20), Inter Milanen aurka jokatuko baitute txuri-urdinek Anoetan (21:00). Hamar urte dira txuri-urdinek Txapeldunen Ligan azkenekoz jokatu zutenetik, baina badakite zer den Europan jokatzea, hainbat urtez jarraian sailkatu baitira Europa Ligarako.
Inter Milanek, ordea, are esperientzia gehiago du, Europako talde historiko bat baita, Txapeldunen Liga hiru aldiz irabazi duena (horietako bi Europako Kopa zenean). Duela urte batzuk bolada txar bat pasatu ondoren, bere mailara itzuli dira italiarrak, eta iaz Txapeldunen Ligako finalera heldu ziren, baita Manchester Cityren aurka galdu ere.
Aurreikusi daiteke, beraz, D multzoko liderrak izango direla italiarrak, eta Reala Benficarekin eta Salzburgorekin lehiatu beharko dela final zortzirenetarako txartela ematen duen bigarren postua edo Europa Ligarakoa ematen duen hirugarrena lortzeko. Hala ere, Anoetan edozer gauza gertatu daiteke, eta gaurkoa Europako gau magiko horietako bat izatea nahi dute realzaleek, Europako txapeldunordeari irabazi eta mahai gainean kolpe bat emateko. Maila on batera heltzen ari da ligan Reala, eta joan den asteburuan Real Madrilen aurka galdu bazuten ere, Santiago Bernabeun erakutsi zuten edozein talderi aurre egin ahal diotela.
Hiru baja ditu Realak
Imanol Alguacilek bere jokalari ia guztiak ditu eskuragarri partidarako, Aritz Elustondo, Andre Silva eta Carlos Fernandez izan ezik. Aurrean izaten ari da arazo gehien azkenaldian Reala, Andre Silvak min hartuta jarraitzen baitu, Sadiqek oraindik ez baitu erritmoa hartu eta Carlos Fernandezek ez baitu maila onik erakutsi oraindik (gaurkoan zigortuta dagoelako da baja). Hori dela eta, Mikel Oiartzabal izaten ari da txuri-urdinen aurrelari nagusia azkenaldian, baina kapitaina ere ez dago batere maila onean. Take Kubo izaten ari da erasoan arrisku gehien sortzen ari den jokalaria.
Horrela, aurreikusi daiteke honako hamaikakoa aterako duela Realak: Remiro atean; Traore, Zubeldia, Le Normand eta Tierney atzean; Brais, Zubimendi eta Merino erdian eta Take, Oiartzabal eta Barrenetxea aurrean. Maila handiko hamaikakoa zelairatuko du Inzaghik, eta aurreikusi daiteke honakoa izango dela: Sammer atean; Bastoni, De Vrij eta Pavard atzean; Mkhitaryan, Frattesi, Barella, Dimarco eta Dumfries erdian eta Lautaro eta Thuram aurrean.
Bera Berak ligako partida du
Realaz gain, beste talde donostiar batek ere partida dauka gaurkoan. Hain zuzen ere, eskubaloian, Bera Berak ligako laugarren jardunaldia jokatuko du, Malagaren etxean, 20:00etan. Ligako lehenengo postura heldu nahi dute donostiarrek, eta andaluziarrei irabaztea garrantzitsua izango da horretarako.


