Pertsona bat atxilotu dute Aitzol parkeko pintaketengatik
Udaltzaingoak 18 urteko pertsona bat atxilotu du, eta adin txikiko beste pertsona bat ikertzen ari da, Amara Berriko Aitzol parkeko eremu eraberrituan egindako pintaketen harira.
Udaltzaingoak Guardiako Epaitegira eta Adingabeen Fiskaltzara bidali ditu egindako eginbideak, baina Udaltzaingoaren Delituak Ikertzeko Unitateak ikerketak egiten jarraitzen du, gertakarietan parte hartu duten gainerako pertsonak identifikatzeko.
Ekainean, Aitzol parkean dauden kantxak margotu eta txukundu zituzten, Donostia Urban Fest egitasmoaren barruan. Ordea, abuztuan pintaketak agertu ziren apaindutako frontoian, eta, hori dela eta, auzo elkartea haserre agertu zen: “Irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela diote. Gogoeta hau soilik: zer lortu duzue honekin?”.