Udal hauteskundeetan «iruzur saiakera zantzuak» salatu ditu EH Bilduk
Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.
EH Bilduko zinegotzi guztiek agerraldia egin dute asteazken honetan, Ekialde Barrutiko batzarraren eraketaren testuingurura antzeman duten “irregulartasun larria” salatzeko.
Adierazi dutenez, Ekialde Barrutiko batzarra eratzeko kontuan hartzen diren lau hauteskunde mahai kontaketatik kanpo utzi dituzte. Uliarekin muga egiten duten 5-12A eta 5-12B mahaiak, eta Intxaurrondoko Ametzagaina inguruko 4-14A eta 4-14B mahaiak.
Izatez, ofizialki PSE-EEk lortu zituen boto gehien Ekialde Barrutian —Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoek osatzen dute barrutia—, EH Bildu baino 24 boto gehiagorekin. Alabaina, kontaketa hori ez zen ondo egin, udaleko idazkaritza juridikoak EH Bilduri baieztatu dionez. Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, lau mahai horiek kontuan hartuz gero EH Bildu izango litzateke lehen indarra, PSE-EEri 158 botoko aldea aterata. “Ondorioa da emaitza guztiz aldatzen dela”, nabarmendu du Izagirrek.
Hortaz, Ekialde Barrutiko indar bozkatuena izanda, bertako batzarreko lehendakaritza EH Bilduri dagokiola aldarrikatu du bozeramaileak. Izan ere, abuztuan alkateak PSE-EEri eskaini zion lehendakaritza —alkatearen eskumena da lehendakarigaia proposatzea—, barrutian boto gehien eskuratu zuen taldea zela argudiatuta. Hala, proposamen hori “bertan behera uztea” eskatu du talde soberanistak, eta lehendakaritzarako Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotzia proposatu du. Era berean, talde politikoen honako banaketa proposatu dute: hiruna ordezkari EH Bilduk eta PSE-EEk, bi EAJk eta bana PPk eta Elkarrekin Donostiak.
Horrez gain, Izagirrek aipatu du EH Bilduk gertatutakoa argitzeko “dituen baliabide guztiak” erabiliko dituela, eta esan du “pertsona batzuk modu ez zuzenean” jokatu badute, horiek “azalpenak eman eta ardura beraien gain hartu” beharko dutela.
Horri erantzunez, udalaren funtzionatzeko modua zalantzan jartzeko “taktika trumpistak” erabiltzea leporatu dio EAJk EH Bilduri.