«Zaintza sistema iraultzeko urgentzia» aldarrikatu du Mugimendu Feministak
Azaroaren 30ean egingo den greba feminista orokorra dela eta, Mugimendu Feministak elkarretaratzea egin du gaur Donostian, “zaintza eredu publiko eta komunitario berri bat” aldarrikatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuaren aurrean batu dira hamarnaka lagun, Zaintzarekin negoziorik ez irakur zitekeen pankartaren atzean.
Mugimendu Feministak “zaintza sistema iraultzeko urgentzia” aldarrikatu du, zaintza lanak, normalean, emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen direlako, “muturreko baldintza eta esplotazio egoeretan”. Emakume horien %29,9 egoera administratibo irregularrean daudela azaldu dute, erroldatzeko zailtasunekin. Gainera, egoiliar lana egiten dutenez, familian bizitzeko aukerarik eta atsedenerako eskubiderik ez dutela salatu dute. Hori dela eta, “langileentzako bidezko baldintzak” eskatu dituzte.
Horrez gain, gizonei “dagokien ardura har dezatela” eskatu diete, eta greba orokorrera batu daitezela.