Kritikez salbu egoteko erreinu bat eraiki du Izarok
Abenduaren 8an aurkeztuko du bere lan berria Izaro Andresek. Gaur, bere bigarren aurrerapen kanta aurkeztu du, bideoklip eta guzti. Aurreko lanean kaleratu zuen You-ren ildotik, elektronikan sakondu da Andres, ekoizpen fresko eta landuarekin, Billie Eillishen intimitate eta energia gogoraraziz.
Kantu indartsua da x eta besteak, eta, oraingoan, bideoklipa ere halakoxea da. Jaiotz Osa dantzariak gidaturiko koreografia txundigarriarekin.
Gai gozo eta goxoak tratatu baditu ere normalean, oraingoan, ahotsa ozen altxatu du Izarok, nerabe zela jasotako kritika eta irainen kontra: “Hasiberri isilik geratu nintzen / irainetan igerian halabeharrez, baina ez dizut bueltatuko bat bera ere ez”. Aurrerago honela azaltzen du izandako mina: “Urteak eman ditut zuri begira / eragin zenidan krisiaren harira/ Nerabe sortzaile baten lehen deserria”.
Honela, estribillo itsaskorra dakar: “Suntsitu nazazu ahal baduzu / erreinu bat daukat eraikita zugandik salbu”.
Indar eta determinazioz dator Izaro cerodenero diskoa aurkezten, eta halakoxe bira dauka aurreikusita. Donostian, urtarrilaren 3an eta 4ean, Kursaalean entzuteko aukera izango da.