Nork eraiki dezake makurkeriarik gabeko mundu bat?
Nork ez du maite Miyazaki? Erredakzioan eztabaidatu genuen aurrekoan. Zergatik gustatzen zaizkio mundu* guztiari Studio Ghibliren filmak? Totoro, Mononoke, Chihiro… Nora eramaten gaituzte bidaian filmok, mundu* guztiaren onespena eta miresmena jasotzeko?
Gaur estreinatu da Europan Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron Hayao Miyazakiren azken lana –tira, maisulana–. Mutila eta Koartza-k Mahito gaztearen istorioa kontatzen du. Japoniako gerran galdu zuen ama berreskuratzeko, koartza-gizonaren laguntzaz, bidaia oniriko-fantastiko bat abiatuko du Mahitok, izaki fantastiko eta emakume boteretsuen laguntzaz.
Txalo zaparrada jaso du filmak. Japoniako historiako pelikularik garestiena izateak lagunduko du horretan, baina batez ere, lehendik aipatu dugun Miyazaki-zaletasunak. Zeintzuk dira, baina, mundu* guztiari gustatzeko arrazoiak?
Haurtzaroa eta ametsak
Jabier Muguruzak berriki gogorarazi duen gisan, haurtzarora itzultzea da bizitzea. Behin eta berriz itzultzea. Subkontzientearekin hitz egitea haurtzaroa: ama galdua, aita absentea, mina eta irakaspenak berrikustea. Osatzea dugu erronka. Miyazakik haurren mundura itzultzen daki. Edo bestela esanda, ezin du hortik ihes egin. Behin eta berriro itzultzen da, autobiografikoak diren uneak sortuz.
Subkontzientea arakatzea aspaldidanik izan da garrantzitsua gizakiarentzat. Zientzia asmatu aurretik, munduko gizarte guztiek jakin dute ametsen bidez subkontzientearen alderik ilunenak eta argienak arakatzen. Miyazaki onironauta da; hau da, amets argiak dituen pertsona da, eta ametsetan, hau da subkontzientean, ditu ideiarik garrantzitsuenak. Ponyo egiten aritu ziren garaian grabatutako dokumentalean ikusten den gisan.
Arrakastaren bi gakoak ederki biltzen ditu filmak, bada: haurtzaroa eta ametsen mundua. Alizia herrialde miresgarrian-en gisan, helduen bizitzatik ihesbide bat topatu du Mahitok. Kasu honetan, bere ama bilatu, eta bere buruarekin bakeak egiteko.
Miyazaki eta sindikalismoa
Harrigarria irudituko zaio baten bati, baina langile borrokan protagonista izan zen Miyazaki gaztetan, lan egiten zuen bere Toei Dōga enpresan. Studio Ghibli sortzerakoan, antolakuntza eredu horizontalago eta demokratikoago bat entseatu zuen –inguruan zegoenarekin alderatuta, bederen–, orain arte mantendu omen dena.
Edonola, pentsamendu eta metodo marxistatik urrundu, eta bere ikuspegi propioa garatu zuen. Haren pelikuletan kapitalismoari, kontsumismoari, faxismoari eta inperialismoari kritikak begi bistakoak dira. Nork ez du oroituko Porco Rosso: “Nahiago dut zerri bat izan, faxista izan baino”.
Baina iraultzailea al da Miyazakairen filmografia? Hasierako galderara itzuliz, zergatik gustatzen zaio mundu* guztiari? Kritika soziala egon badagoen arren, iraultza eta eraldaketaren kontra ageri zaigu sarri, ideologia dominantearen alde, nolabait. Hau da, orekara itzultzea da, nolabait, proposamen politikoa.
Haurrak eta etorkizuna
Mutila eta Koartza pelikulak “zure eskuekin makurkeriarik gabeko mundu bat” sortzeko mezua jasotzen du. Haurrek aurreko belaunaldiak gainditzeko duten ahalmenean du fedea Miyazakik, eta hau da gakoa. Filmaren japoniar izenburua da adierazle (Nola bizi nahi duzu zure bizitza?), haurrei Japoniako iragan gerrako kaosa emulatzearen edo bide hobe bat eratzearen artean hautatzeko aukera eskaintzen diena.
Katu beltza, katu zuria (Emir Kusturica en 1998). filmaren argumentua hori bera da ere. Zaharren eta gazteen artean, helduek egindako makurkeria gainditzeko aukera. “Makurkeria” da errepikatzen den mamua. Makurkeriaren harriekin oreka eraiki behar da, eta horretarako jende zintzoa behar da –Mahito-k egiazalea esan nahi du–. Onberatasunaren bidez mundua aldatzea eta beste utopia batzuk aspaldi kritikatu zituen ezkerrak. Inor ez delako gizartean burbuila batean bizi. Mahitok berak, makurkeriaz jokatu izana onartzen du. Zintzotasunak beraz, inoiz irabaziko al dio makurkeriari?
Emakumeak eta langileak, itzalean
Hain zuzen, konpromiso abstraktu bati bide ematen dio filmak eta statu quo-a mantendu, eta akaso, apur bat goxatzeko besterik ez du balio. Genero rolen gaineko ikuspegia horren lekuko. Filmeko emakume guztien papera emakume zaindari izatea da. Ahizpek zaintzen dute, neskame-amonek zaintzen dute, eta itsas munduko emakume ausart eta boteretsuek zaintzen dute. Bakarrik egin lezaketena, Mahitoren bidez besterik ez dute egiten. Gizonek erakusten dute indarra, ausardia eta, batez ere, protagonismoa. Haienak dira erabaki guzti-guztiak. Emakumeek lagundu besterik ez dute egiten.
Klase ikuspegitik gauza bera. Neskameak burgesiaren zerbitzura daude, haien bizitza bera arriskuan jarriz, eta “entzuteko gai” ez direla onartuz. Eskolako nekazari umeengan ikusten den amorrua ez al dago justifikatua diruaren bidez umiliatuak izan nahi izate horri? Protagonistak burgesak eta klase ertaina dira. Langileak presente daude, baina ez dakigu zer nahi duten, zertarako dauden hor –are, gaztelua eraikitzen hil direnak, kasik, jaunaren kalterako direla dirudi–. Brechten galdera ezinbestekoa zaigu: “Zazpi atedun Tebas hura nork egin zuen?”.
Miyazakiri Takiji Kobayashi apur bat falta zaio.
Hildakoek ez dute hiltzen
“Munduak izaki bizidunak dira. Zahartu egiten dira, eta lizuna eta zomorroak ateratzen zaizkie”. Zaindu egin behar dira sortzen ditugun munduak. Laguntasunarekin zaindu behar dira. Hildakoen munduan osteratxoa egitea ondo dago, baina kontuz “nire jakinduriaren bila dabiltzan horiek hil egingo dira”.
Hildakoen eta bizidunen artean, ametsen eta errealitateen artean, Mishito gazteak, eta berarekin doazen Kiriko, Mihi eta Kartzo-gizonak, irakaspenak jasoko dituzte hildakoen mundutik, eta bizitza bizitzeagatik eskerrak eman; irauten duena irauten duela.
Ezin da dena jakin. Baina dena jakin gabe bizi daiteke. Denok izan gara noizbait jaio nahi izan duten warararak. Nork zainduko gaituen zain. Nor zainduko dugun zain. Mundu guztiak zaindu behar dira. Eta oreka nahi badugu, zaintzen duten bakarrak ez daitezela emakumeak izan.