Zinemaldi Alternatiboa, mundua aldatuko duten pertsonak aldatzeko
Zinemaldi Alternatiboa (San Sebastian Insurrectionary Fandango Festival) bueltan da, hamabosgarrenez (10+5), autogestioa oinarri, eta hiriko auzoetan zehar. Lander Arbelaitz (Erdialdea, 1985) eta Beñat Apalategi (Gros, 1984) kideek aurkeztu digute egitaraua.
Hamabosgarrenean, aidanez, elkarlana inoiz baino presenteago duela abiatuko da gaur Donostiako Zinemaldi Alternatiboa. «Aurten xumeagoa egin nahi genuen eta bi proiekzio egiteko asmoa genuen, baina hiriko herri mugimendu ezberdinak gurekin harremanetan jarri dira eta proposamenak heldu zaizkigu».
Beti eduki du herri mugimenduekin harremana, baina aurtengo «berritasuna», herri mugimenduek jo dutela haiengana eta ez alderantziz.
SOS Manteoren borrokaldia dela eta, ekarpen moduan ikusten dute bertan proiekzio bat antolatzea. Berdegunearen erabilera sustatu nahi du mugimenduak, «udalak suntsitu nahi duenaren» kontzientzia zabaltzeko. «Ezin hobeto egiten du bat honek geure filosofiarekin. Guk ekarpena egiten diogu mugimenduari, eta haiek egitarauari.
Egitaraua, auzoz auzo
Salvador Segui anarkistaren bizitzaren inguruko dokumental bereziarekin abiatuko da aurtengo film bereziena. Iaz, Kasilda Hernaez anarkista donostiarraren inguruko filmaren estreinaldia egin zuten, eta, aurten, Seguirena emango dute estreinakoz, CGTko hainbat kiderekin.
Bihar, larunbata, Antiguako Sert plazan, kanpaldi bat antolatu du Ehun mugimenduak etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Bertan eskainiko dute Habitar la utopia (Mariano Agudo, 2014).
Gauza horiek Zinemaldi ofizialean ez dute inoiz lekurik edukiko, Arbelaitzen arabera, «baina nahikoa duinak dira, eta garrantzitsuena, gogoeta egiteko balio dute». Pelikulez gain, espazio horiek dira lekurik ez dutenak, Apalategik kontatu duenez: «Esadazu Añorgara noiz iritsiko den Zinemaldia bestela».
Arbelaitzen ustez, «Zinemaldi ofizialak hiriaren izena erabiltzen du, baina oso fokalizatuta dago Erdialdean eta ez da inondik inora auzoetara iristen. Garai batean eduki zuen bokazioa horretarako, baina orain inondik inora ez. Guk beste helburu bat dugu: gure ustez, kulturak jendea aldatzen laguntzen du, eta jendeak mundua aldatzen du».
EHUko Arkitektura eskolan bigarrenez antolatu dute saioa, hirigintzaz gogoeta egitea ezinbestekoa dela ikusten baitute. Jane Jacobs ekintzailearen bizitza oinarri duen Citizen Jane (Matt Tyrnauer, 2016) filma eskainiko dute, hainbat auzotako eragilerekin eztabaidatuz.
Bi arnas filmarekin itxiko dute egitasmoa, datorren larunbatean. Istorio ederra du honek atzetik: «Iaz, gure laguna den Jon Mikel Fernandezek Zinemaldi Alternatiboan estreinatu behar zuen bere dokumentala. Hitzartua genuen, baina halako batean telefonoz deitu zidan esateko Zinemaldi ofizialean hartu zutela bere filma! Izugarria izan zen torturaren inguruko dokumentala bertan eskaintzea. Hori bai, iaz hitza eman behar izan zigun aurten gurekin egongo zela! [barrez]».
Ofizialari alternatiba, ez antagonismoa
Zinemaldi Alternatiboan ofizialean eskainitako filmak eskaintzea ez da inongo kontraesana antolatzaileentzat. «Sortu zenetik izan da honela, euskal zinemaren atzera begirakoarekin, adibidez. Film guzti horiek Zinemaldian izan dira eta», argitu du Apalategik.
Honela azaldu du Arbelaitzek: «Zinemaldi Alternatiboak badu bokazioa ofizialetik kanpo geratzen diren pelikula interesgarriak proiektatzeko, baina interesgarriak badira, eta eztabaida sustatu badezakete, zergatik ez».
Izan ere, «Zinemaldi ofiziala kritikatzea baino, gure helburua da gaur egun bizi dugun egoera sozial eta politikoan ekarpena egitea. Ez gaude ofizialaren antagonismoan, gehiago da herri mugimenduen logika batetatik abiatuta, herri hau nora doan, eta zein kezka dauden azaleratzea».
Zinemaldi ofizialak «instituzioetatik datorren logika» bati erantzuten dio: «Helburu ekonomikoak ditu, marketina eta abar. Guk beste logika bat dugu, eta Donostian sortzen den giro zinemazalea aprobetxatzen dugu gauzak beste modu batean egin daitezkeela aldarrikatzeko».
Komunitatea egitea dute helburu, hain zuzen, «komunitatea gero eta gehiago zatikatzen ari direnean». Hiriaren egoera larria aipatu dute, besteak beste, etxebizitzaren arazoa eta herritarrak auzoetatik kanporatuak izaten ari direla: «Eztabaida horiei ekarpena egitea da gure asmoa».
Gauzak sortzea erraza da, baina irautea ez hainbeste. Edizioan beti jartzen duten ‘+5’ horrek, Kortxoenea gaztetxean egindako garaia gogora ekartzen du, horri esker iraun duelako egun arte. «Kortxoeneak arnasa eman zien proiektu hauei, eta ez dugu ahazten. Eneko Goia alkateak egin zuen lehen gauzetako bat izan zen gaztetxea botatzea, eta hori ere ez dugu ahazten».
Horregatik, ohikoa duten detournement teknika erabiliz, hiriko alkatea ageri da euren afixetan, oraingoan, Urrezko Maskorra irabazi zuen film bateko esaldi zinefilo batekin:
-Gustu ona du morroiak.
-Gustu ona denok dugu. Honek dirua dauka. Alegia, eskisito bat dela.