Irabaziz hasi dute liga Txuri Urdineko neskek zein mutilek
Txuri Urdineko neskek garaipen batekin hasi dute denboraldia. (Argazkia: Txuri Urdin) Txuri Urdineko mutilek eta neskek asteburuan hasi dute liga, baita ondo hasi ere, biek garaipenak eskuratu baitituzte. Mutilek 3-5 irabazi zuten larunbatean Portoren etxean (1-2, 1-0, 1-3), eta neskek 0-9 igandean Valdemororen etxean (0-4, 0-4, 0-1). Liga ondo hastea garrantzitsua da, eta biek jakin izan dute indartsu hasten.
Hockeyarekin jarraituz, belar hockeyko Realak ezin izan zuen garaipenarekin itzuli Madriletik. Aurpegia eman bazuten ere, Club de Campok 2-1 irabazi zuen. Ainhoa Huegunek egin zuen Realaren gola.
Futbolean, gol festa izan zen igandean Anoetan, eta puntuak etxean gelditu ziren, 4-3 irabazi baitzuen Imanol Alguacilen taldeak. Takek sartu zuen lehenengo gola bigarren minutuan, baina Getafek buelta eman zion neurketari, Aleñaren eta Mayoralen golekin. Bigarren zatian, Oiartzabalek berdinketaren gola sartu zuen penaltiz 61. minutuan, hirugarrena Braisek sartu zuen 66.ean eta laugarrena Oiartzabalek 88.ean. Luzapenean, aldea murriztu zuten madrildarrek, baina hiru puntuak etxean gelditu ziren.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ligako lehenengo partida jokatu zuen larunbatean, eta Txuri Urdinekoek bezala, garaipenarekin hasi zuen liga, Bembibreri 64-60 irabazita. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Euskal Kopa irabazi du, finalean Iraurgiri 96-70 irabazita; denboraldiaurreko txapelketa bat da.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 6. jardunaldia
- Reala 4 – Getafe 3
Saskibaloia
Emakumezkoan liga, 1. jardunaldia
- Ibaeta Basket 64 – Bembibre 60
Gizonezkoak, Euskal Kopako finala
- Gipuzkoa Basket 96 – Iraurgi 70
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 1. jardunaldia
- Porto 3 – Txuri Urdin 5
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Valdemoro 0 – Txuri Urdin 9
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Club de Campo 2 – Reala 1

