Zer nahiago duzu sozialismo ona ala erreala?
Iragan posibleen erreinu bat irekitzen du zinemak. Bukatu gabeko film bat ezkutatu zuen Raul Ruiz zuzendari txiletarrak 1973an. Pelikula bat ezkutatzen ahal den arrazoi bakarrarengatik. 50 urte beranduago, bere emazte eta zinema zuzendari Valeria Sarmientok filma berreskuratu eta muntaia amaitu du.
XX. mendea, iraultza sozialisten mendea izan zen, sozialismo erreala entseatu zena –Erreala izenondoak akasdun esan nahi duela dirudi, ia beti–. Iraultza baten garaipena eta porrota ikusten dugu filmean. Salvador Allenderen eta Unidad Popularraren garaipenaren erdian, langileen autoantolakuntza, eta Alderdia (Komunista) parez pare. Burokraziari eta hiperideologizazioari kritika egiten zaio, momentu absurdo, komiko, ziniko, eta, are, ridikuluak sortuaz.
Intelektualak eta langileriaren autoantolakuntza
Aretoak gogotik egin du barre Alderdiko intelektualen lepotik. Burgesia txikia eta klase ertainaren parte direlakoan, kontraesankorra dirudielako haien militantziak. Prest al daude intelektualak euren “iraganari uko egiteko”? Eta horrek soldata baxuagoa eskatzen badu? Barreak, ustezko iraultzaileen hipokrisiaren gainean erori dira.
Barreak izan dira ere langileek Alderdiarengana jotzen dutenean, fabrika okupatuko dutela esanez, eta, laguntza eske. Alderdiak, baietz, babesten dituela, baina “oraindik” ez dela momentua. Gelditasunera bideratuko ditu agintari burokratak, beste egun batean etortzeko eskatuz.
Baina burokraziak ezin du herria gelditu. Langileek, euren erabakiez kontziente, fabrika okupatu, eta autogestioaren bidez antolatzen dute ekoizpena: “Denok batera esplotazioari aurre egiteko, denon hobe beharrez; eta ez gutxi batzuen alde”. Zein interesgarriak diren ematen dituzten eztabaida guzti-guztiak!
Barreak nondik eta nora?
Ez dakit, beraz, barre eta barre artean harrapatu al den mezua. Brianen Bizitza-ko ezkerraren parodia horren atzean burla besterik ez dagoen arren, hemen ezberdina da ikuspegia. Iraultza bizirik dagoen unean filmatua baita, langileen ahotsa dago pantailan. Noski, Alderdi (Komunista)-ren burokratizazioak muturreko egoerak eman ditu, baina, hain zuzen, hori gainditzearen alde ageri dela esango nuke.
Uste dut areto horretan geundenok ez genuela denok leku beretik egiten barre. Uste dut barre batzuek ez zutela ulertu nondik ari zen hitz egiten pelikula; langileriaren eta iraultzaren alde lerratuta egoteak konpromisoa eskatzen duela, alegia, batzuetan asmatzen ez den arren. Txileko herriak galdu zuen. Baina ez zuen galdu, hain zuzen, pelikulan ateratzen diren arrazoiengatik. Ez da “iragarlea” zentzu horretan –intelektualek buruaz beste egiten duten arren, Allendek egin moduan–.
Edonola ere, harribitxi bat da El Realismo Socialista eta mundua aldatu nahi izan zuen garai baten irudi ederra. Irakaspenak eman ditzake, noski, hainbat. Nireak:
1. Fabrikak okupatu behar dira, berdin du noiz.
2. Fronte poetikoa porrota da goitik behera antolatuz gero.
3. Herritik sortu behar du poesia iraultzaileak. Herritik fabrikak, herritik eztabaidak, herritik armak… eta herritik zinemak.