'The Killer' izango da Zinemaldiko film sorpresa
71. Zinemaldiak iragarri du zein izango den aurtengo film sorpresa: David Fincher zinemagile estatubatuarraren The Killer. Erik Messerschmidt argazki zuzendariak –Oscar sari bat irabazi zuen Mank (David Fincher, 2020) filmean egindako lanarengatik– aurkeztuko du filma Victoria Eugenia antzokian, larunbatean (hilak 30), 19:00etan. Horrez gain, filma agertoki berean ikusi ahal izango da egun berean 08:30ean, eta Antzoki Zaharrean 13:00etan.
Se7en, Zodiac eta The Social Network filmen zuzendariaren azken filma da The Killer, eta Veneziako zinema jaialdian lehiatutakoa da. Alexis Nolenten izen bereko eleberri grafikoan oinarrituta dago filma, Luc Jacamonek ilustratu du eta Michael Fassbender du protagonista. Hiltzaile baten istorioa kontatzen du: zorigaiztoko istripu baten ondoren, aurre egingo die bere nagusiei, bai eta bere buruari ere, bere ustez pertsonala ez den nazioarteko jazarpen batean.
Donostia Zinemaldiak 2019an berreskuratu zuen ezusteko film bat programatzeko ohitura, eta Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin’ Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larrin, 2021) eta Blonde (Andrew Dominik, 2022) programatu ditu azken urteotan. Higiezinen sektoreko Antiguo Berri enpresaren babesarekin programatzen du Zinemaldiak film sorpresa.