Lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte suhiltzaileek udaleko osoko bilkuran
Donostiako suhiltzaileak udaletxeko pleno aretoan. (Argazkia: Ezker Anitza Donostia/Twitter) Donostiako suhiltzaileak udaleko osoko bilkuran izan dira gaur goizean, azken hilabeteetan aldarrikatzen ari diren “lan baldintza duinak” eskatzeko. Suhiltzaileek jasaten duten “prekarietatea” salatu dute, eta, horrekin batera, Martin Ibabe Kiroletako eta Gazteriako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziren dimisioa eskatu dute.
Asko dira azken hilabeteetan Donostiako suhiltzaileak egiten ari diren protestak. Esaterako, irailaren 4an, Donostiako suhiltzaileak kalera atera ziren Donostiako Udalari kalitatezko zerbitzua emateko behar dituzten baliabideak eskatzeko.
Udal gobernuari giza baliabide gehiago eskatu dizkiete babesten duten eremuari “erantzun egokia” emateko eta langileen segurtasuna babesteko. Horrez gain, ibilgailu flota eguneratzeko eta ibilgailu zaharrak baztertzeko eskatu dute (autoponpen erdiek hogei urte baino gehiago dituztelako) eta azkenik, instalakuntzen mantenua eta eguneratzea egitearen beharra adierazi dute.

