Matxiñene baserriaren eraisketa deitoratu du Ancorak

Atzo burutu zen Loiolako Matxiñene baserriaren eraisketaren aurka agertu da Ancora, auzo horretan eraikiko duten hiri lorategiaren harira, beste eraikin historiko bat bota dutela argudiatuz. Inguru horretan 260 etxebizitza eta ekipamendu publikoko gune bat eraikitzea aurreikusten da.
Ancorak azaldu duenez, Matxiñene baserri barrokoa zen, Urumea ibaiaren ertzean eraikia. “Ez dakigu nor zen Matxin, etxe honi izena eman ziona. XVIII. mendearen hasieran eraiki zen: 1720an Gipuzkoako Korrejidorearen aurrean auzi bat bideratu zen ‘Errotaberriako errotaren, Matxinea etxearen eta bere jabetzaren errentamenduari buruz’. Ondoko propietate horiek ibaiaren ertzean lerrokatzen ziren, eta 1782ko mapa batean agertzen dira. Mapa hori Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxiboan gordetzen da. 1860 inguruan, trenbidearen trazadurarekin bat eginez, presa bat eraiki zen, ate-langa bat jarriz, mareek Matxiñeneko baratzeak urez bete ez zitzaten. 1885. urte inguruan, Rogelio Gordonek San Telmo Museoak kontserbatzen duen akuarela batean irudikatu zuen. XX. mendearen erdialdean, baserria taberna-merendero gisa prestatuta zegoen, pilotaleku bat eta ontziraleku handi bat zituen, eta bertan traineruak uretaratzen ziren. Auzoko arkitektura tradizionaletik bizirik atera zen azkenetarikoa zen, eta inguruko kale bati ematen dio izena”, adierazi du Ancorak.
Eraikinari berari dagokionez, baserri zaharrak oinplano angeluzuzena zuen, eta beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara zituen. Egitura mistoa zuen, harlangaitzezkoa eta adreiluzkoa, eta egurrezko bilbadura ikus zitekeen ekialdean eta atzeko fatxadan. Bi isurkiko teilatu simetrikoz estalita zegoen, eta gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularrean zuen, hego-mendebaldera begira. Animaliak eta lorategi txiki bat zituen. “Bere kontserbazio-egoera erregularra bazen ere, jendea bizi zen bertan, eta bere kokalekua interesgarria zen, Kultur Etxearen eta pasealeku jendetsu baten mugakide zen auzoan hartzen zuen erdigunea zela eta. Interes historiko-arkitektoniko ziurra zuen, eta euskal baserriaren irudiari eta memoria kolektiboari lotutako balio sinbolikoa zegokion. Foru Aldundiak haren babesa eskatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak haren kultura-balioa nabarmendu du, hiri eremu berrirako Plan Bereziaren ingurumen ebaluazioa egiterakoan”, nabarmendu du Ancorak.
HEOBPBren berrikuspen berrian, Ancorak Donostiako 70 baserriren katalogazioa eskatu zuen, banakako fitxetan oinarrituta. Halaber, hirian geratzen diren 1813. urtea baino lehenagoko eraikin urriei balioa emateko irizpide kronologiko bat sartzea proposatu zuen. “Bi proposamenak ezetsi egin ziren”, deitoratu dute.
Ancoraren ustez, Donostian “nabarmena” da “herriko arkitekturarekiko gutxiespena”: “Urumeako ibarreko hiri garapen berriek Donostiaren euskal nortasunari eusten zioten erreferente historiko ia guztiak desagertzea ekarri dute, eta udal gobernuak traba gisa hartu ditu”.