Derbian hirunaka batzen jarraitu nahi dute
Igandean dute realzaleek denboraldiko zita garrantzitsuenetako bat: Athleticen aurkako derbia Anoetan (21:00). Imanol Alguacilen taldea bolada on batean murgilduta dabil, Real Madril eta Inter Milan aurkari handien aurka partida onak eginda eta azken bi neurketak irabazita (Getaferen aurkakoa etxean eta Valentziaren aurkakoa kanpoan) iritsiko da derbira. Athletic ere maila ona erakusten ari da, azken partida berdindu bazuen ere, bi partida jarraian irabaztetik baitzetorren, eta sailkapenean txuri-urdinen aurretik dago. Horrela, partida parekatua eta bizia izatea espero da, derbi gehienak izaten diren modukoa. Eta, batez ere, Donostiako kaleetan ohiko giro ederra egotea espero da.
Realeko neskei dagokienez, joan den astean liga porrot batekin hasi ostean, garaipenaren bila aterako dira igandean Zubietara. Betis izango dute aurkari, eta Natalia Arroyoren taldeak bere maila erakutsi beharko du andaluziarrei irabazteko.
Eskubaloian, gorabehera batzuk izan ostean, aste honetan Gijoni irabazi ostean hartutako garaipenaren bidetik jarraitu nahi du, ligaren bila doala erakusteko. Horretarako, Porriñori irabazi beharko dio etxean. Mahai gainean kolpe indartsua emango lukete donostiarrek irabaziz gero, ligako hirugarren sailkatua baita Porriño une honetan, eta seigarrena Bera Bera.
Belar hockeyan, denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du Realak asteburu honetan Sardineroren etxean. Etxekoek zein txuri-urdinek partida zailak izan dituzte orain arte, eta puntu bakar bat ere ez dute lortu oraindik. Beraz, indarrak neurtzeko partida aproposa izango da.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek oso indartsu hasi zuten liga joan den astean, (0-9 irabazi zioten Valdemorori), eta bide beretik jarraitu nahi dute Majadahondaren aurkako partidan etzi. Mutilek ere Majadahondaren aurka jokatuko dute igandean, baina Donostian. Beraiek ere joan den astean abiatutako garaipenaren bidetik jarraitu nahi dute.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 8. jardunaldia
- Reala – Athletic (igandea, 1, 21:00).
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia (lehenengoa jokatzeke dago oraindik, grebarengatik)
- Reala – Betis (igandea, 1, 12:00).
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Bera Bera – Porriño (larunbata, 30, 18:00).
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Sardinero – Reala (larunbata, 30, 16:00).
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (igandea, 1, 14:30).
Gizonezkoen liga, 2. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (igandea, 1, 14:00).