Elkarrekin egoteko ile apaindegi bat, Egian
Egiako Karmengo Andre Mariaren kalean, Plaza Berriren izkinan dago Ziad, gizonentzako ile apaindegia. Ordua eskatu gabe joatea okurritu ere ez, beti du eta jendea. «Baina jendeak huts egiten du», dio Ismael jabeak. Orduan bai, orduan ilea moztu, bizarra egin, eta elkarrizketa luze eta ederra eduki dezakezu jabearekin.
Ziad da Egiako gizonezkoentzako ile apaindegi ezagunena. Auzoaren erdian, guapo jartzeaz gain, lagunak bisitatzeko leku bat da. Yahya Bensaad da jabea (Oujda, Maroko, 1983) «baina ez jarri horrela», esan du: «Mundu guztiak Ismael deitzen nau eta».
Osaba eta lehengusuekin ikasi zuen Ismaelek ofizioa: «Denok gara bizarginak familian». Tira, denak ez, «lehengusu txiki bat Real Madrilen ari da futbolean, baina gainontzekoak bizarginak gara», dio barrez.
Ofizioak ikastearen garrantzia nabarmentzen du Ismaelek, harrotasunez, gainera: «Hemen ere hala zen duela urte batzuk, ezta? Txapistak, arotzak… umeek eta nerabeek familian ikasten zituzten ofizioak. Baina gaur egun ez, hori aldatu da, Euskal Herrian behintzat».
Gizon eta mutikoz beteta edukitzen du ile apaindegia egunero. Jendeak badaki ondo eta merke egingo diotela bizarra eta aukeratutako look-a egingo diotela. Baina horretaz gain, beste zerbait nahi du jendeak: «Ile apaindegiak elkartzeko tokiak dira. Tabernen moduan, jendea agurtzera dator, hitz egitera». Konprobatzea besterik ez dago. Bertan ordu erdi egonda, zenbatu zenbat jende pasatu den agurtzera, edo kaletik bertatik kuku egitera.
«Marokon halaxe da, jendea badator, galdetzen du ea dena ondo doan, eta elkarrizketan gaude egun osoan. Taxistak bezalaxe, badakizu? Taxian sartu orduko hasten dira hizketan», dio Ismaelek.
Donostian urte mordoa darama, eta aldaketa nabari du, 2009an lanean hasi zenetik hona. «Apur bat ezberdina da orain, egia esan». Mahai gainean dauden aldizkariak seinalatu ditu, «hauek ez ditu inork ere ikutzen e! Mugikorrei pegatuta bizi gara eta!».
Grosetik Egiara
«Egian badago gazte talde bat, Groseko lokala ireki nuenetik ezagutzen nautenak. Ordutik beti-beti mozten dute ilea hemen. Kasik hamabost urte dira!». Horrek asko laguntzen duela dio Ismaelek: «Aspaldidanik ezagutzen nauen jendea egotea oso ona da niretzat, jendearen konfiantza lortzen laguntzen didalako».
Zerbikaletan arazo bat izan zuela eta, hainbat hilabetez Groseko ile apaindegia itxi behar izan zuen. Behin osatuta edo erdi-osatuta, Egiara etorri zen, lokal txiki-txiki batera. Martxa ona hartu zuenean, pareko lokala hartu zuen, eta tamainaz bikoitza den arren, txiki geratzen zaio askotan, «Jainkoari eskerrak».
Ziad da dendaren izena, bere seme nagusiaren izena, hain zuzen: «Guraso guztien gisan… lehenengoa hain da berezia! Berdin du mutikoa edo neskatila izan, baina deskribaezina den sentimendu bat da, gurasoek soilik ulertu dezaketena. Sustoa eta maitasuna, dena bat datoz!».
Hiru seme-alaba ditu, eta Antiguan bizi da, emaztearekin batera. «Iritsi nintzenetik, han egon naiz. Anaia bertan bizi zen, eta ni Parisen. Bisitan etorri nintzen, eta hara! Hemen geratu nintzen!». «Bizitza nolakoa den ezta?», gogoeta egiten du: «Inoiz ez dakizu zure bizitza non amaituko duzun. Inoiz ez dakizu zer den etorriko dena».
Elkarrekin egotearen garrantzia
Lurrikara handia izan da orain aste batzuk Marokon, eta, haren senideengatik galdetu diogu: «Jainkoari eskerrak, gure herrian mugimendu txiki bat besterik ez da izan». Egoera oso larria izan da, «oraindik orain, jendea lurpean dago. Mendietan zeuden herrixka asko galdu dira», dio, kezkatuta.
Egoera horren harira, bere komunitatearekin elkartzearen garrantzia nabarmendu du. «Ahal dugunean meskitan elkartzen gara, baina ez da erraza; lanarekin eta umeekin, noiz aterako dugu bada denbora!», dio bere irribarre handiarekin.
Elkarrizketa jario ederra du Ismaelek, eta atera du islamaren liburuxka bat: «Jendeak asko galdetzen dit gure kulturari buruz, eta honela errazago azaltzen dut». Seme-alabei kultura transmititzea ezinbestekoa zaio: «Gure sustraiak dira, eta ezin ditugu galdu. Zer gara, bada, sustraiak galduta?». Sustraiak mantentzea eta elkarrekin partekatzea. Horra hor ile apaindegi on baten sekretua.