Nerabezaroko indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak antolatu ditu udalak
Nerabezaroko indarkeria matxistak lantzeko jardunaldiak antolatu ditu Donostia Gazteriak, udaleko Berdintasun sailarekin batera. Aurtengoa VII. edizioa da. Haurren eta gazteen aurkako indarkeria matxistak hainbat toki eta modutan ematen dira, eta horrek duen garrantziari eta ondorioei erreparatu nahi diete.
“Gure jendartean, haurrek eta gazteek jasaten duten indarkeria nabarmena da. Indarkeria beti existitu da, baina azken urteotan gai honen inguruko ikerketek eta argitalpenek arazoaren inguruko informazio gehiago izan eta ikusarazten lagundu dute. Indarkeria matxistak modu psikologikoan, emozionalean, fisikoan eta sexualean ematen dira”, azaldu dute Donostia Gazteriatik.
Honi guztiari aurre egiteko sexu heziketa “ezinbestekoa” dela uste dute, eta, horregatik, aurten landu nahi duten ardatza sexkidetza da: sexu heziketa hezkidetzailea nerabezaroan. Horretarako, hiru bloke antolatu ditugu: jardunaldia, aldibereko tailerrak eta eskaintza biribiltzeko kultur ekimenak.
Jardunaldia azaroaren 9an izango da, 09:00etatik 14:30era, Intxaurrondo Kultur Etxean. Jardunaldi hauetan, sexu heziketari buruz hausnartuko dute. Sexu heziketaren ibilbidea kokatuko da, pornografiak gazteen sexu heziketan duen lekuari buruz hausnartuko da, sexu heziketa hezkidetzailearen beharra azaleratuko da eta praktika eta esperientzia ezberdinak partekatuko dira. Hizlari hauek hartuko dute parte: Eider Goiburu Moreno, Josebe Iturrioz Lopez, Ane Ortiz Ballesteros eta mahai inguruan Eihera Kooperatibako kideak, Sorginlore, Lahia 3.0 eta Azpeitiko Udala.
Ondoren, bi hitzaldi izango dira. Lehenengoa, Josebe Iturrioz Lopezek emango du: Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote? Eta bigarren hitzaldia, Ane Ortiz Ballesterosek emango du, Sexu-heziketa hezkidetzailearen beharra indarkeria matxistaren prebentziorako izenburupean.
Atsedenaren ondoren, hainbat eremutako esperientziak eta baliabideak ezagutzeko mahai ingurua izango da. Honakoak zehazki:
1. Arte hezkidetzailea. Artearen bitartez lan egitearen eraginkortasuna – Sorginlore Pedagogia Feministak eta Kultura parte-hartzaileen elkartearen eskutik.
2. Pornografia mutilekin lantzen – Eihera LGTBI+ eraldaketa eta esku-hartze feminista kooperatibaren eskutik.
3. Berdinen arteko programak – Lahia 3.0 sexologia eta hezkidetza elkartearen eskutik.
4. Sexualitate txokoak – Azpeitiko udaleko Gaztelekuko hezitzaileen eskutik.
Bestetik, Sexkidetzaz blai! tailerrak izango dira azaroaren 16an, 10:00etatik 13:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Tailer hauen helburua, jardunaldietan egindako hausnarketatik trebakuntzara salto egitea da. Hau da, hezitzaileei beraien espazioetan gazteekin sexkidetza lantzeko baliabideak eskaintzea. Horretarako, esperientzien mahaian aurkeztutako praktikei buruzko tailerretan parte hartu ahal izango da.
Eta bukatzeko, bi kultur emanaldietan parte hartzeko aukera egongo da. Hurrengo bi emanaldiak eskainiko dituzte, sarrera bidez:
1. Belarri bero, bai esan? websaila + solasaldia, azaroaren 15ean, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean.
2. Sexberdinak antzezlana (Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta), azaroaren 18an, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Izen emateak
Donostia Gazteriako webgunean (www.donostia.eus/gazteria) egin daitezke izen emateak edo esteka honetan zuzenean: https://labur.eus/indarkeriamatxistajardunaldia2023


