Txiletik Donostiara: langile autonomia eta den-dena nahi genuen
Txileko El realismo socialista-ren ostean, 1970eko hamarkadako langile mugimendura buelta bigarrenez Zinemaldian. Oraingo honetan Euskal Herrira, Donostia eta Pasaiako langile mugimenduaren bihotzera, ur kontagailuen lantegian. Irati Gorostidi donostiarrak zuzenduriko film laburra da Contadores, Anekumen proiektu luzearen atal gisa irakur daitekeena.
Trantsizioan kokatuta, langile mugimenduaren eztabaida gako batzuei heltzen die filmak. Eta zehazkiago, autonomian sinisten duen gazte talde baten lehen eztabaidak dira. Gerora komunitatean bizitzea entseatuko duten gazte talde baten lehen eztabaidak, hain zuzen. Denak behar du hitzaurrea.
Zeren hau ez da Txileko langile mugimendua. Txileko egoera iraultzailetik urrun, demokraziaren araudi berriak onartzea dago jokoan. Erreforma ala haustura, horixe langile mugimenduaren bihotzean ematen ari den eztabaida.
Ezinezkoa zait ez konparatzea bi filmok. Edo, hobe esanda, bi garaiok. Langile mugimenduaren eztabaida eta politizazio maila ikaragarria da El realismo socialista-n; Contadores-en, aldiz, oso pragmatikoa da erabiltzen den hizkuntza. Demokraziaren hizkuntzara salto egiten ari ote zen, edo demokraziaren hizkuntzatik eraikitzen ari den, horra zalantza. Txiletarren jerga marxistaz barre egiten zutenek, oso serio hartuko lituzkete, hain zuzen, greban dauden langileek hitzarmena sinatzeko erabiltzen dituzten argudioak.
Gorostidik ederki berreraiki du garaia. Izan ere, gurasoen memoriatik eraikitzen ari da garai baten memoria bere azken lanetan. Eta ez dezagun ahaztu; kontatu gabeko memoria da. Euskal Herriko eta Donostiako langile mugimenduaren historia kontatu gabe dagoelako. Hiri hau ez delako postaleko hiri bat, aristokraziaren oporretarako hiri bat. Kontxaz harago, Bidebieta, Añorga, Altza, Egia, Infernua, Martutene, eta, nola esan, periferiek, osatzen dute langile hiri hau. Eta haren historiak egiten du hiria hiri. Bide batez, emakume langileen historia ere badena, eta hor, zuzendariaren begiradaren arreta eskertzen da. Emakumeak protagonistak izan dira munduko borroka guztietan; baina ez dute beraiek kontatu historia. Orain arte.
Mugimendu autonomoaren pintzelada txiki bat da Contadores. Ordezkaririk nahi ez zuen mugimenduarena. Italiako autonomia operaia-rekin batzen du Donostia; maitasun askea praktikatzea, komunitatean bizitzea, gatazkan sinistea. Azaletik bada ere, gai horiek zeharkatu zituzten iraultzan sinisten zuten mugimenduak. Nanni Balestrinirekin batera Den-dena nahi dugu aldarrikatu zuen belaunaldi baten historia.
Laburra da eta labur geratzen da filma. Askoz gehiagorako gogoz. Pentsatzen dut sentsazio ona dela hori. Eta pentsatzen dut Anekumen-ek emango diola bide. Memoria gabe ez garelako ezer.