Dbusek aldaketak egingo ditu hamabi lineatan, puntualtasuna hobetzeko
Maiztasuna txikitzeaz gain, geltoki batzuk ezabatu eta desbideraketak egingo dituzte hainbat ibilbidetan, ordutegi arazoei irtenbide bat emateko.
Donostiako garraio zerbitzuak aldaketak egingo ditu hainbat lineatan urrian zehar, puntualtasuna hobetzeko asmoz. Hala, maiztasuna txikitu egingo da Altza, Martutene eta Ospitaleko ibilbideetan, desbideratzeak egingo dira Bentaberriko eta Bidebietako lineatan, eta geltokiak ezabatuko dituzte Ibaetan.
Dbusetik adierazi dutenez, ordutegiak mantentzeko helburuak okerrera egin du azken hilabeteotan, azken trafiko eta norabide aldaketak tarteko, eta gidarien atsedenarekin bermatzeko arazoak dituzte. Horiek horrela, eta “ekarpen handiagoa egitea” irreala dela iritzita, beharrezkotzat jo ditu moldaketok, Olatz Iartza Trafikoko zinegotziak.
Ordutegi berrien data zehatza ezagutzen ez den arren, pixkanakako aldaketak izango direla baieztatu dute Dbusetik. Linea batzuen kasuan, 13-Altza esaterako, bat, bi edo hiru minutuan handituko dira denbora tarteak, eta egungo 6-7 minutuen beharrean, 8-9 itxaron beharko dituzte erabiltzaileek hurrengo ordutegietan: 9:00 – 12:00 bitarte; 14:30 – 16:30 bitarte; eta 19:30 -21:00 bitarte.
Antzeko aldaketak egingo dituzte 17- Gros- Amara eta 26- Amara-Erribera- Martutene lineatan ere. Lehenak, 12 minutuko frekuentzia izango du, 10 beharrean; bigarrena, aldiz, 15 minutuero iritsiko da, egungo frekuentzia baino hiru minutu beranduago.
Geltokiak ezabatu
40 Gros-Igara linearen kasuan, zortzi geltoki ezabatuko dira Portuetxe eta Berio artean, eta Grosetik egiten duen ibilbidea murriztuko dute. Geltokiak ezabatzeaz gain, ibilbidearen amaierako geltokiak lekualdatuko dituzte hainbat lineatan minutuak irabazteko: 8-Gros- Intxaurrondo linearen kasuan, metro batzuk atzeratuko dute azken geltokia , Boulevard 12tik 15era ; 9-Egia- Intxaurrondo linea Okendo 18 geltokian amaituko da; eta 8-Gros- Intxaurrondo lineak, Boulevard 19 geltokian egingo du azken geldialdia.
Ibilbide aldaketak
Beste linea batzuetan, norabide aldaketen aldeko hautua egin du Dbusek. Benta Berriko 5 lineak esaterako, Matia kalea saihestuko du 9:00ak eta 20:00 bitarte, eta Zumalakarregi hiribidetik desbideratuko da denbora murrizteko. Antzeko gertatuko da Bidebieta zeharkatzen duen 14 linean ere. Kasu horretan, Galtzada Nagustik igaro ordez, Nafarroako hiribidetik egingo du ibilbidea. 42- Aldapa- Egia lineak ere aldaketak izango ditu ibilbidean, Kursaaletik igaro ordez, Kolon hiribidea hartuko baitu.
Frekuentzia laburragoak
16-Igeldo lineak, maiztasuna hobetuko du, eta autobusak 20 minutuero igaroko dira apirilean, maiatzean eta urrian, udan bezala. 33-Larratxo-Igara linean, berriz, beste autobus bat gehituko dute eta Igarako amaierara iritsiko da.
Antzeko gertatuko da 31- Intxaurrondo- Ospitaleak- Altza linean ere, autobus bat gehituko baitute, Txomin Enea eta Garberako zonaldeetako zerbitzua indartzeko.