Txapeldunen Ligako lehenengo garaipenaren bila doaz

reala Realeko jokalariak, derbiko goletako bat ospatzen. (Argazkia: Reala)

Txapeldunen Ligako bigarren partida jokatuko du arratsaldean Realak, Salzburgoren etxean. Imanol Alguacilen taldea bolada bikain batean murgilduta dago, larunbateko derbi handia argi irabazita (3-0) eta baita ligako azken hiru partidak irabazita ere. Txapeldunen Liga beste kontu bat da, baina duela bi aste Inter Milanen aurkako berdinketan oso maila altua erakutsi zuten txuri-urdinek, eta, beraz, konfiantzaz beterik iritsiko dira txuri-urdinak Austriara. Partida 18:45ean izango da.

Odriozola eta Tierney min hartuta daude, baina bi jokalari horiek kenduta, Alguacilek jokalari guztiak ditu eskuragarri, tartean Arsen Zakharyan erdilari errusiarra, denboraldi honetako fitxaketetako bat, oraindik debutatu ez duena.

Larunbateko derbiaren ostean, aurreikusi daiteke entrenatzaile oriotarrak aldaketaren bat egingo duela hamaikakoan, baina ez gehiegi. Horrela, defentsan, Aihen Muñoz ezker hegaleko jokalaria hamaikakoan sartzea espero da, Tierneyren lesioa dela eta. Erdian, ohiko hirukotea zelairatzea espero da –Merino, Zubimendi eta Brais–, nahiz eta aldaketaren bat egin eta Turrientes zelairatzeko aukera ere mahai gainean egon daitekeen. Eta, aurrean, Take Kubok jokatuko duela ziurtzat eman daiteke, azken asteotan erakusten ari den maila kontuan izanda. Barrenetxea ere partida onak jokatzen ari da, eta badirudi Oiartzabal pixkanaka bere maila berreskuratzen ari dela, beraz, baliteke hori izatea aurrelarien hirukotea, nahiz eta Sadiq eta Carlos Fernandez ere titulartasunaren ate joka dauden.

Bestalde, Salzburgok hamaikako hau atera dezakeela aurreikusi daiteke: Schlager; Dedic, Solet, Pavlovic, Terzic; Gourna-Douath; Bidstrup, Gloukh, Kjaergaard; Simic, Konate.

HITZAkide HITZAkide