Euskal modaren erakusleiho bilakatu da Zinemaldia
Bost egun pasa dira Donostiako Zinemaldiko 71. edizioa bukatu zela, eta filmen balorazioa egin ostean, alfonbra gorriko balantzea egiteko tartea hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundian. Aurtengo edizioan, Zinema eta telebista munduko 28 pertsona ospetsuk euskal moda enpresen jantziak eraman dituzte soinean, eta orotara, 40 janzkeretan parte hartu dute euskal sortzaileek, jantzien, osagarrien edota bitxien bitartez.
Zinemaldiko izarrak janzten proiektuaren zazpigarren edizioak egindako lana “garrantzi handikoa” dela nabarmendu du Goizane Alvarez, Kultura diputatuak. Alvarezen arabera, ” gure lurraldetik kanpo enpresa horiek ezagutarazteko aukera bat da; beraz, ekimen horri esker, Gipuzkoa euskal modaren hiriburu bihurtu da”. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, bere aldetik, “bertako talentuaren erakusleiho izatea” ohore bat dela adierazi du.
Besteak beste, hurrengo euskal enpresek hartu dute parte: SKFK, Joyería Munoa, Soñarte by nire ametsak, Gorka Cintero, Raquel Balencia, Manuela Va de Fiesta, Sister Sister, edota Aldabaldetreku jostundegia. Hautatutako hamasei sortzaileetatik, hamahiru gipuzkoarrak dira eta Loreto Mauleon, Maitane Salinas, Aitziber Garmendia edota Jon Plazaola euskal aktoreak jantzi dituzte, beste batzuen artean.