Abenduaren 15ean estreinatuko da zinemetan 'Negu Hurbilak' filma
Locarnoko zinemalditik igaro ostean, Negu Hurbilak filma zinema aretoetan ikusteko aukera izango da abenduaren 15etik aurrera. Gaur eman dute jakitera Begin Again banatzaileek estreinatzeko data, baina oraindik ez dute aurreratu zehazki non izango den. Euskal Herriko hiriburuetan, zein Espainiako Estatuko hainbat hiritan ikusgai egongo dela aurreratu dute ekoiztetxeek.
Negu Hurbilak filma Seminci Valladolideko Zinema Jaialdian emango da estreinakoz; zehazki, jaialdiaren Punto de Encuentro sailean ikusi ahal izango da Negu kolektiboaren lehen lana. Locarnon (Suitza) estreinatu zuten filma abuztuaren 9an, eta pelikulak epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen.
Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adrià Rocak zuzendu dute pelikula, eta Maluta* Filmsek eta Cornelius Filmsek egin dituzte ekoizpen lanak. Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) aktore donostiarra da filmeko protagonista —eta aktore profesional bakarra, beste guztiak Zubietako (Nafarroa) herritarrak baitira—, eta Xalba Ramirez hedabide honetako kazetariak gidoiaren idazketan parte hartu du, baita soinu banda konposatu ere. IRUTXULOKO HITZA filmaren babesleen artean dago.