Azorak Groseko bizilagun bati alokairuaren fidantza itzultzea lortu du Saretxek
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak lortu du Azora putre funtsak “auzokide bati lapurtutako fidantza berreskuratzea”, sindikatuak berak jakinarazi duenez.
Saretxek azaldu du bizilagun horrek maiatzean demanda aurkeztu zuela epaitegian, sindikatuarekin elkarlanean, “Azorak lapurtu zion fidantza berreskuratzeko asmoz”: “Handik hilabetera Azorako abokatuen deia jaso genuen, fidantza bere osotasunean bueltatzeko prest zeudela adieraziz”.
“Honek argi uzten du zein garrantzitsua den gure interesak defendatzeko tresnen sorreran sakontzea, soilik antolakuntzaren bitartez egingo baitugu aurrera”, gaineratu du sindikatuak. Halaber, hurrengo hilabeteetan adi egotera deitu dituzte herritarrak: “Fidantza bueltatzen dizutela bermatu nahi baduzu edo nola berreskuratu jakin nahi baduzu, adi ibili datozen hilabeteetan, gauzatxoak datoz eta!”.
Azoraren jabetza
Gogoratu behar da Azora putre funtsak ehunka etxebizitza erosi dituela azken urteotan Grosen, eta horiekin espekulatzen ari dela. Bizilagun askori alokairuaren kuotak igo dizkie, eta auzokideak “kanporatzen” ari dela salatu du sarritan Saretxek. Hain zuzen ere, Azora izan zen azken urteotan hirian izandako etxegabetze bakarra aurrera eraman duena, iazko martxoan Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel Groseko bizilagunak kaleratu baitzituen –etxegabetze bakarra bere horretan, bizilagun askok euren etxeak utzi behar izan baitituzte Azoraren eta beste etxejabe askoren praktika espekulatiboengatik–.