Dbusek inoiz baino erabiltzaile gehiago izan ditu irailean
Aurtengo iraila izan da zerbitzua ematen duenetik Donostian Dbusen bidaia gehien egin diren hilabetea. Zehazki, 2.657.183 bidaia erregistratu dira, pasa den urteko irailean baino %15,13 bidaia gehiago; orduan 2.254.978 bidaia erregistratu ziren.
Era berean, irailaren 30a izan da Dbusen historian erabiltzaile gehien erregistratu ziren larunbata, Aste Nagusiko eta San Tomaseko larunbatak kenduta. 90.443 bidaia erregistratu dira, 2019ko larunbatetan batez beste erregistratu ohi zirenak baino %25,8 gehiago.
“Dbusen zerbitzuen eskariaren igoera hori, halaber, QR txartelarekin ordaintzeko sistema abian jartzeak eraginda izan da, duela aste batzuetatik Dbusen autobus linea guztietan erabilgarri baitago”, azaldu du Dbusek ohar baten bidez. Sistemak aukera ematen du bidaia txartela QR dinamiko baten bitartez ordaintzeko autobusaren barruan. Dbusen app ofizialaren bidez eskuratzen da QR kode dinamiko hori. Bidaia txartelen lau modalitate daude (30 minutukoa eta egunekoa, 30 minutukoa eta gauekoa; 24 ordukoa; eta 48 ordukoa). Sistema abian jarri denetik, 500 unitate inguru saldu dituzte.