Luxuzko etxebizitzak egingo dituzte Telefonicaren Groseko eraikinean
Groseko Katalunia plazan dago Telefonicaren eraikin zaharra, eta bertan luxuzko etxebizitzak egingo ditu ABU promotoreak, enpresak berak bere webgunean iragarri duenez. Hilaren 24an aurkeztuko dute proiektua, Maria Cristina hotelean. ABUk ez du xehetasunik eman, baina El Diario Vasco egunkariak enpresako iturriak aipatuz azaldu duenez, hemezortzi luxuzko etxebizitza egingo dituzte, 84 eta 189 metro koadro artekoak eta milioi bat euro inguruko kostua izango dutenak. Eta, egunkari beraren informazioaren arabera, ABUk 23,3 milioi euroko inbertsioa egingo du proiektuan.
Eraikinak 3.228 metro koadro ditu, eta Telefonica Luxenburgoko funts batekin salerosketa akordio batera iritsi zen 2016an. Ordea, funtsak erabilera turistikoa eman nahi zion eraikinari, eta udalak ez zuen horretarako baimenik eman. Azkenean, ABU enpresa sevillarrari saldu zion eraikina Telefonicak; luxuzko etxebizitzetan espezializatutako enpresa da, Madrilen eta Andaluziako zenbait hiritan etxebizitza promozioak dituena eta etxeak erosleen gustuen arabera diseinatzen dituena, bere webgunean dioenez. Hain zuzen ere, Grosen egingo dituen etxebizitzak erosteko izena emateko aukera ematen du dagoeneko webgunean. Bestalde, nabarmentzekoa da Aitor Ocio futbolari ohia dela ABUren bazkideetako bat.
Vocento taldeko egunkariaren arabera, ABUk dagoeneko badauka egungo eraikina botatzeko lizentzia, eta eraikin berria eraikitzeko lizentzia lortzeko izapideak egiten ari da; urte bukaerarako lizentzia izatea espero dute. Hedabide horren informazioak dioenez, eraikinaren sotoa mantenduko dute, bertan hemezortzi aparkaleku eta hamahiru trasteleku egiteko (beste bostak erdisotoan egongo lirateke). Halaber, beheko solairuan 191 metro koadroko establezimendu komertzial bat egotea aurreikusten du ABUk. Bestalde, lehenengo eta bigarren solairuek launa etxebizitza izango dituzte (85 metro koadrokoak), hurrengo lau solairuek bina etxebizitza izango dituzte (170 metro koadrokoak) eta zazpigarren solairuak bi atiko duplex izango ditu, 189 metro koadrokoa bakoitza.
Grosekoa ez da Telefonicak Donostian saldu duen eraikin bakarra, San Martzial eta Hondarribia kaleen artekoa Green Rock promotoreari saldu baitio, eta bertan hamabost etxebizitza egitea aurreikusten du enpresa horrek. Hala ere, eraikin hori ezin da bota, Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezian C mailako babesa baitauka.