Migrazioak hizpidera ekarriko ditu San Telmo Museoak urrian
Jakiundek eta San Telmo Museoak antolatuta, migrazioaren hainbat esparru jorratuko dituzten hiru solasaldi egingo dira museoan urrian zehar. Era berean, …eta bidean Irun, emakume migratzaileen inguruko erakusketa ikusgai izango da hilaren 10etik 30era bitarte, Gari Garaialderen argazki sortarekin.
Solasaldiei dagokienez, Europako migrazio politikak, errefuxiatuen krisia, kultur aniztasuna eta hezkuntza sisteman sortzen diren erronkak aztertuko dituzte, besteak beste. Saio guztiak astearteetan izango dira -urriaren 10ean, 17an eta 24an-; 19:00etan hasiko dira, eta lekuak bete arte sarrera librea izango da.
Erakusketa, bestalde, gastrokultura gunean egongo da ikusgai. Gari Garaialde argazkilariak bidea egiten ari diren emakumeengan jarri du arreta bereziki: “Badira emakumezko izateagatik pairatutako jazarpen espezifikoak. Jaioterrian gertatzen zaien modura, gizonezko eta emakumezkoak ezberdin tratatzen dituen gizarte eta kulturak topatzen dituzte bide osoan zehar, eta sarri, modu berezian erasotzen dituzte emakumezkoak“.
Argazkilariak azaldu duenez, aurreiritziak gainditzea da argazki sortaren helburua. “Ez ditut modu paternalista batean epaitu nahi. Gure buruan sortzen dugun mutil gazte ausartaren estereotipoa dantzan ipini, eta emakumezkoak ere badirela erakutsi nahi dut”, azaldu du Garaialdek.