Lortu dute: asteburuetan ere irekiko dute Parte Zaharreko eguneko zentroa
Parte Zaharreko eguneko zentroak asteburuetan ateak irekiko ditu. Beste auzo askotan hala den arren, Parte Zaharrean astelehenetik ostiralera soilik irekitzen zela eta, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, auzoko bizilagun eta erabiltzaileekin batera, asteburuetan irekitzeko borrokaldia abiatu zuten. Ekainean eman genuen hedabide honetan borrokaldiaren berri.
Ia bi urtez aritu dira lanean bizilagunak eguneko zentroko zuzendaritzak auzoko familiek eginiko eskaerei erantzun ziezaien. Zentroa kudeatzen duen erakundeak bere jarrera berraztertu du, eta asteburuetan 10:30etik 16:30era bitarteko erabiltzaileei emango die zerbitzua.
Pandemiaren urte gogorren ondoren, zentroak murriztu egin zituen erabiltzaileen kupoa eta eguneko arreta-ordutegia. Familien eskaeraren aurrean, Gipuzkoako Diputazioko arduradunekin jarri ziren harremanetan auzo elkarteko kideak, eta, hala, bide luze bati ekin genion, egungo Eguneko Zentroak benetako erantzuna eman ziezaion eskaturiko behar guztiei, asteburuetako arreta barne.
Pozik agertu dira auzo elkarteko kideak, eta gaur, 10:30etatik 11:00etara, zentroko atean elkartu dira, langile eta erabiltzaileei ongietorria eman eta egindako lanagatik zoriontzeko. “Ospatzeko eguna da gaurkoa”, adierazi dute.
Edonola ere, gaineratu dute eguneko zentroa ez dela Parte Zaharrak behar duena: “Parte Zaharrerako eguneko zentro berria eskatzen jarraituko dugu, eta hori lortzeko auzolanean egingo dugu”.