116 proiekturen artean bozkatzeko aukera izango dute herritarrek, partaidetzazko aurrekontuetan sartzeko
Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziak (ezkerrean) aurkeztu ditu partaidetzazko aurrekontuetan sartu daitezkeen proiektuak. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udalak hilaren 16an irekiko du partaidetzazko aurrekontuetarako proiektuak bozkatzeko epea, eta 116 proiektu izango dituzte bozkatzeko herritarrek. “Prozesu hau tresna garrantzitsua da herritarrentzat, zuzenean eta aktiboki parte hartuz aurrekontuen gaineko erabakiak hartzerakoan, beraien auzoetarako edo hiri osorako proiektuak proposatuz eta bultzatuz”, nabarmendu du Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak. Hiru milioi euro bideratuko ditu udalak partaidetzazko aurrekontuetara datozen bi urteetan: 1,5 milioi euro urte bakoitzean. Eta kopuru horri Ekialdeko Barrutiak 2024ko aurrekontutik bideratutako 363.968 euroak gehitzen zaizkio, Bidebietako, Intxaurrondoko eta Altzako proiektuetarako erabiliko direnak.
Guztira, herritarren eta eragileen 475 proposamen jaso zituen udalak; antzekoak direnak multzokatu egin ditu (82), eta hemezortzi baztertu egin ditu, proposamenik ez adierazteagatik, bikoiztuta egoteagatik edo fitxa bakoitzean proposamen bat baino gehiago idatzi izanagatik. Horrela, 375 proposamen aztertu dituzte azkenean: 41 hirirako eta 334 auzoetako proiektuetarako; Altza (55), Aiete (36) eta Egia (28) izan dira proposamen gehien jaso dituzten auzoak, Idoetak azaldu duenez. Proposamen bakoitza dagokion udal sailak aztertu du, eta gehienak Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Sailekoak (149), eta Mugikortasunekoak izan dira (115). Proposamenen %71 norbanakoek aurkeztu dituzte, eta %29 elkarteek. Generoari dagokionez, %47,20 emakumeek aurkeztu dituzte, %52 gizonek eta %0,80k beste genero bat adierazi duten pertsonek. Bestalde, proposamen gehienak 30 eta 64 urte bitarteko herritarrek egin dituzte (299); 30 urtetik beherakoek hamahiru proposamen aurkeztu dituzte, eta 65 urtetik gorakoek 63.
Sail bakoitzak zegozkion proposamenak aztertu ondoren, 116 pasatu dira bozketa fasera; sei hiri proiektuak dira eta gainerakoak hogei auzotarako dira, Altza (14), Aiete (11), Egia (11) eta Bidebieta (10) direlarik proiektu gehien dituztenak. Bestalde, Ekialdeko Barrutiak 116 proposamenetako 32 jaso ditu, eta horien artean banatuko dituzte Barrutiaren 2024ko aurrekontuko 363.968 euroak. Gainerako 84en artean banatuko dituzte, beraz, hiru milioi euroak, eta bozketa fasean boto gehien jasotzen dituztenak egingo dituzte lehenik.
Hilaren 16tik 29ra egongo da irekita bozketa fasea, eta herritar bakoitzak behin soilik bozkatu ahalko du, bost proiektu aukeratuta. Udalaren webgunearen bidez edo Herritarren Partaidetzarako bulegoan (Easo kalea 43, 1. eskuina) bozkatu ahalko da.

