Abesbatzen Astea egingo da urriaren 31tik azaroaren 6ra
La pura fuente abesbatza janponiarra. (Argazkia: Donostia Kultura) Donostia Kulturak, Tolosako ekinbide etxearekin elkarlanean, Abesbatzen Astea 2023 antolatu du beste urte batez. Aurten, bost emanaldi eskainiko dira hirian, dohainik, urriaren 31etik azaroaren 6ra. Hiriko bost auzoetan antolatu dituzte kontzertuak Filipinetatik, Erresuma Batutik, Suediatik, Koreatik eta Japoniatik etorritako bost taldeekin.
Hala, urriaren 31ean, Male Ensemble Philippines taldearen emanaldia egongo da Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian; azaroaren 2an, Phoenix konsort abesbatza britainiarrak kontzertua eskainiko du Loiolako Jesusen bihotza parrokian; azaroaren 3an, Palaestra Vokalensemble suediarrak izango dira Altzako San Martzial parrokian; azaroaren 4an, Seongdong-Gu Women’s Choir koreatarrek emanaldia eskainiko dute Amarako Karmeliten elizan; eta azaroaren 6an, azkenik, La Pura Fuente Choir abesbatza japoniarrak Groseko San Ignazio parrokian abestuko du.
Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartuko duten talde koralen aniztasuna eta aberastasuna dira Abesbatzen Aste honen ezaugarri nagusiak. Aurten, elizetan egitea erabaki duten arren, musika erlijiosoa zein herri musika eskainiko dute bost taldeek, eta auzoko kultur etxeetatik kanpo egingo dute, Donostia Kulturak azaldu duenez, gune zabalagoetan musika koral zale gehiago elkartzeko eta eskaintza bera ere hedatzeko aukera ematen duelako.


