Dbusek aldaketak egingo ditu hurrengo asteazkenetik aurrera
Dbuseko autobus bat Bulebarrean. (Argazkia: Irati Salsamendi) Dbusek iragarri du aldaketak egingo dituela zenbait lineatan datorren asteazkenetik aurrera. Duela astebete iragarri zuen autobus konpainiak bere zerbitzua doituko zuela, azken hilabeteetan izandako arazoak konpontzeko. Urriaren 18tik aurrera abian jarriko diren aldaketak ibilbideen eta geltokien aldaketak dira; maiztasunak azaroan aldatuko dira.
Hala, honakoak izango dira aldaketak: 5 linea (Bentaberri) 09:00etatik 20:00etara ez da Matia kalean sartuko, eta Zumalakarregi eta Tolosa hiribideetatik egingo du bidea. 8 lineak (Gros-Intxaurrondo) Bulebarreko 15. zenbakian egingo du azken geldialdia, 19.ean beharrean. 9 linea (Egia-Intxaurrondo) Okendon amaituko da aurrerantzean, eta Bulebarreko geltokia ezabatu egingo da.
14 lineak (Bidebieta) Nafarroa hiribidetik egingo du ibilbidea hemendik aurrera. Hortaz, jada ez da Galtzada Nagusitik igaroko. 16 lineak (Igeldo) Okendotik Bulebarrera aldatuko du azken geltokia, eta kontrakoa egingo du 42 lineak (Aldapa-Egia). Azken horretan, gainera, Kursaaleko geltokia Kolon pasealekura lekualdatuko da. Amaitzeko, 31 lineak (Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza) pixka bat atzeratuko du Askatasunaren hiribideko geltokia, 3. zenbakitik 15era.


