Donostiaren eta Marugameren arteko elkarlana berretsi dute bi alkateek
Eneko Goia alkateak Take Kubo Realeko jokalariaren kamiseta bat oparitu dio Kyoji Matsunagari, Marugameko alkateari. (Argazkia: Donostiako Udala) Udaleko ordezkaritza bat Japonian da egunotan, Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzia buru, eta Marugame hiri senidetura bisita egin dute. Bertan, Kyoji Matsunaga alkateak ongietorria egin die.
Bi hirien arteko senidetasuna sendotzeko helburuarekin luzatu zion gonbita Matsunagak Goiari, eta Donostiako alkateak nabarmendu du bi hiriak “inoiz baino lotuago” daudela. Goiak Justo Segura izan du gogoan, hura izan baitzen Donostiaren eta Marugameren arteko senidetasuna bultzatu zuena.
“Kulturarekin, hezkuntzarekin, kirolarekin eta turismoarekin lotura duten gaiak oso interesgarriak izan daitezke etorkizunean elkarrekin proiektuak aurrera eraman ahal izateko”, adierazi du Donostiako alkateak. Hortaz, 2021ean Matsunagak egin bezala, oraingo honetan Goiak Donostiara gonbidatu du Marugameko alkatea, “proiektu berrietan lan egiten jarraitzeko”.


