Igeldo Tokiko Erakunde Txiki izateko bidean da

Donostiako Udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak beste pauso bat eman dute Igeldo Tokiko Erakunde Txiki (TET) izendatzeko. Tokiko Gobernu Batzordeak astearte honetan onartu du Igeldori izaera hori emango dion izapideekin hastea.
Udalak eta kontseiluak elkarrekin ondu dute proposamena —bi astetik behin bildu dira bi aldeetako ordezkariak—, eta hemendik aurrerako bide orria zein izango den ere azaldu dute. Behin Tokiko Gobernu Batzordeak erabakia hartuta, adostutakoa ikusgai jarriko dute udalaren iragarki taulan. Gero, udalbatzarrak proiektua onartu beharko du —abendukoan joatea aurreikusten da—. Ondoren, proiektuari buruzko galdeketa ez loteslea egingo dute Igeldon. Azkenik, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute, erakunde hori baita Tokiko Erakunde Txikiak izendatzeko eskumena duena. 2024ko martxorako edo apirilerako espero dute aldundiaren izendapena.
Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotziaren arabera, “lan luze eta sakonaren emaitza” da proposamena, berme juridiko eta ekonomikoak aintzat hartuz egin dena: “Itxaropena dugu aldundiak izendapena onartuko duela”. Era berean, goraipatu du erakundeen arteko lankidetza eta adostasuna izan dituela oinarri. Proposamenak “deszentralizazioan urrats garrantzitsua” ematea dakarrela nabarmendu du Idoetak, eta “Igeldoren nortasun propioa eta bertako bizilagunen borondatea aintzat hartzen” dela.
Eskumenak, lau ataletan bereizita
Sortuko den TETaren gaineko informazio xehea Edorta Azpiazu udaleko zeharkako zerbitzuen koordinatzaile nagusiak eman du. Hark adierazi duenez, erakunde berriak kudeatuko dituen eskumenak lau fasetan bereizi dituzte, eskumen bakoitzaren konplexutasunaren arabera.
Lehenengo atalean, erakundea sortzearekin batera TETak bere gain hartuko dituen eskumenak daude. Dena den, eskumen bakoitzak egokitzapen tarte bat izango du, egoki funtzionatzen duela ziurtatzeko. Tarte hori urtebetekoa edo bi urtekoa izango da, eskumenaren arabera. Urtebeteko egokitzapen tartea izango dute, esaterako, kultura, kirola eta parte hartzea sustatzeko eskumenek, eta bi urtekoa hornidura elektrikoarenak eta bide publikoak mantentzekoarenak eta kontserbatzekoarenak.
Bigarren atala TETak izan nahi edo interesekoak diren eskumenek osatzen dute. Horiek zailtasun handiagoko eskumenak dira, kontratu konplexuak, udalaren edo udalaz gaindiko erakundeen bitartekaritza eskatzen dutenak. Eskumen horiek ez dira TETaren eskumena izango hura sortzen den unean, azterketa sakonago baten beharra baitute. Balizko eskumen horien eskualdatzea udalbatzarrak onartu beharko luke. Eskumen horiek dira, adibidez, hirigintzarena, ingurumen zerbitzuena eta etxebizitzen sustapenarena.
Hirugarren atala zerbitzu deszentralizatuena da, hau da, beharren arabera Igeldon emango diren Donostiako Udalaren Zerbitzuak: Udalinfo bulegoa ezartzea edota gizarte zerbitzuetako lehen arreta, besteak beste. Amaitzeko, laugarren atalean zerbitzu komunak eta zeharkakoak daude, administrazioak martxan jarrai dezan eman behar dituen zerbitzuak. Horietako batzuk dira egoitza elektronikoa, gardentasun ataria eta datuen babesa. Eskumen horiek udalarenak izaten jarraituko dute, TETak ez baitu izango horiek kudeatzeko gaitasunik. Dena den, Azpiazuk adierazi du herri txiki askoren kasuan aldundia arduratzen dela azken atal hori kudeatzeaz.
Aurrekontua eta lehen urratsak
TETak izango duen aurrekontua ere zehaztu dute. Hasiera batean, udalak inbertsioetarako erabiltzen duen aurrekontuaren %0,7 esleitzea aurreikusten zuten, Donostiako biztanleen ehuneko hori bizi baita Igeldon. Hala ere, Igeldoren hedadura hori baino handiago denez, eta, beraz, zenbait lan egiteko beste gune batzuk baino behar handiagoa duenez, proportzionaltasuna aintzat hartu eta inbertsioaren %1 bideratuko dute erakundera. Dena den, Azpiazuk argitu du inbertsioaren kalkulua egiteko ez direla aintzat hartuko “salbuespenezko inbertsioak”, eta Loiolako kuartelak jarri ditu horren adibide.
Diru kopuru hori handituz joango litzateke, TETa eskumenak bere gain hartzen doan heinean. Oraingoz, 3,25 lanposturen beharra ikusi dute hasierarako, baina hori ere eskumenekin batera handituko litzateke.