Luxuzko etxebizitzak egingo dituzte Ijentea kalean
Ijentea kaleko etxebizitzen iragarkia. (Argazkia: Amenabar) Amenabar Ijentea kaleko etxeak eta bulegoak luxuzko etxebizitza bilakatuko dira etorkizun laburrean, Amenabar enpresak bere webgunean azaldu duenez. Orotara, 26 etxebizitza egingo dituzte, eta hilabete amaieran hasiko dira 418.000 eurotik gorako prezioekin merkaturatzen. Nolanahi ere, kasu gehienetan milioi bat eurotik gorakoak izango direla azaldu du El Diario Vasco egunkariak, enpresako iturriak aipatuta.
Ijentea kaleko 2 blokea Parte Zaharreko sarreran dago, Bulebarrararen eta kaiaren artean. Goiko solairuetatik gainera Kontxako badia ikus daiteke. Blokeak 3.250 m2-ko azalera du, eta bulegoz beteta egon da azken urteotan. Eraberritze lanekin, ordea, bi logelako 23 etxebizitza egingo dira, eta teilatupean, hiru logelako beste hiru etxebizitza egingo dituzte, terrazekin. Irudietan azaltzen denez, eraikinaren estalkia ere eraberrituko dute, solarium bat eginaz. Vocento taldeko egunkariak azaldu duenez, eraikinaren aurrealdea berdin mantendu beharko dute, eraikina bera babestua dagoelako, baina enpresak zabaldutako irudietan ikusten denez, apaindura eta argiztapena aldatuko dute.


