Donostia dekoloniala aldarrikatzeko lehen urratsak
Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, ugariak izan dira historikoki Euskal Herrian egin diren protestak, “jai egun arrotzen kontra”, edo Espainiar inperialismoaren kontra. Ordea, gutxitan hitz egin da euskaldunen kolonialismoaz. Herri okupatu ikuspegitik, baina baita ere herri zapaltzaile ikuspegitik euskaldunok ditugun erantzukizunen inguruan egin dute gogoeta Gora Donostia Dekoloniala kolektiboak deituta.
Lehenik eta behin, kolonialismo eta kolonialitate kontzeptuak bereizi behar direla gogorarazi du Estefania Quilezek. Kolonialismoa egoera administratiboa da, herri bat beste bat okupatzen duenean gertatzen dena. Kolonialitatea, aldiz, zibilizazio logika da, “kolonialismoaren ostean mantentzen den dominazioaren logika”.
Kolonialitateak modernitatearekin duen harremanaz ohartarazi du Quilezek eta “munduaren ikuspegi eurozentrikoa inposatzen” dela dio. Honela, “gainontzeko herri eta kulturak gutxietsi eta mespretxatuak dira, mundu-sisteman”.
Intersekzionalitatea
Intersekzionalitatea garatu behar dela aldarrikatu dute, sexu-genero, klase eta nazio zapalkuntzei beste hainbat zapalkuntza gehituz: “Kultura, espiritualtasuna, estetika, epistemologia, hizkuntza, medikuntza, lanaren zentro eta periferiak, landa eta hiria, ekologia, estatu vs nazio eta gizarte vs komunitate dikotomiak aintzat hartu behar direla erakusten digute “.
Praktika politikora nola ekarri hau guztia? Galdera hori erantzuten saiatu dora: “Intersekzionalitatea praktikan jartzeko, eta dekolonialitatea lantzeko, hiru ardatz eduki behar ditugu kontuan: boterea, jakintzak eta izatea”. Hiru ardatz hauek kontuan hartuta, dekolonialitatea lantzeko bid eorri bat eztabaidatu zuten.
Estatu plurinazionala
“Euskal Herriak estatu propio bat duenean, errazagoa izango da nazio eta kultura guztien eskubideak errespetatzea, eta horretarako eredu plurinazionala behar dugu”, aldarrikatu zuen Quilezek. Eta bitartean zer? Galdera horren inguruan eztabaidatu zuten, aliantzen, pribilegioen eta lehentasunen katean katramilatuta.
Erantzunik ez zen izan, Palestinaren aldeko mobilizazioan parte hartzeko bukatu baitzen eztabaida. Donostia dekolonizatzeko lehen urratsak ematen hasiak badira ere, asko dago egiteko. Atzo, behintzat, zuri-zuria baitzen mahai buelta osoa.