Igeldoko Herri Kontseiluak positiboki baloratu du udalarekin adostutakoa
Igeldoko Herri Kontseiluak atzo Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen erabakiaren balorazioa plazaratu du. Alde batetik, “argi” utzi nahi izan dute Igeldok birritan egin duela desanexioaren aldeko hautua, “eta herritarren nahi hori ez dela errespetatua izan”.
Beste aldetik, ordea, sortuko den Tokiko Erakunde Txikia “tresna eraginkorra eta baliagarria” izan daitekeela uste dute, “Igeldoren egoera hobetzeko eta bizilagunen beharrak hobeto asetzeko”. Dena den, erakunde horrek egingo duen bidea “ikusteke” dagoela adierazi dute, udalaren jarrera “oso garrantzitsua” izango baita hemendik aurrera: “Udalak Igeldoko bizilagunen arazoak benetan konpontzeko agertzen duen borondateak baldintzatuko du”.
Kontseiluaren esanetan, “pauso garrantzitsuena” ematea falta da orain: Igeldoko bizilagunen iritzia jakitea. “Adostutako Tokiko Erakunde Txiki horren inguruan, azkeneko hitza Igeldoko herritarrek izango dute”, esan dute.