Donostiako ugaztunak jomugan
Donostiako makrougaztunen banaketa eta ugaritasuna aztertu ditu Itsas Enara Ornitologia Elkarteak udalaren laguntzarekin, UGASS proiektuan. Ikerketa 2022ko ekainetik 2023ko apirilera egin dute, tranpa kamerak jarriz hiriko zortzi eremutan.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako bioaniztasunari buruzko ikerketa bat egin zuen 2008an, eta, joan den urtean, Itsas Enara elkarteak datu horiek eguneratu nahi izan zituen. 27 industrialdea eta Astigarragaren artean eraiki zuten errepidearen ingurumen inpaktuaren ikerlana irakurtzen ari zirela, bertan bizi diren ugaztun guztietatik, soilik gutxi batzuk identifikatu zituztela konturatu ziren: «Donostiako ugaztunei buruz oso gutxi dakite biztanleek, eta UGASS proiektuaren bidez, hiriaren eraztun berdean uste baino ugaztun gehiago bizi direla frogatu nahi izan dugu», azaldu du Javier Ferreres proiektuaren zuzendari teknikoak.
Eremu urbanizatua izan ezik, hiriko gainontzeko eremuak ikertu dituzte. Igeldo, Añorga-Igara, Oriamendi-Barkaiztegi, Antondegi, Altza eta Ulia izan dira hiriaren inguruko landazabaleko laginketa sektoreak. Hirigunetik urrun dauden hiru enklabe txikietatik, Zubieta eta Landarbaso ere ikertu dituzte. Oberan, arrazoi logistikoengatik, gutxiago ikertu dute.
Aurreko urteko urtarrilean hasi ziren lanean, eta lehen pausoa udalaren ingurumen proiektuak bultzatzen dituen deialdian parte hartzea izan zen. Prozesu erraza izan zela aitortu dute, segituan onartu baitzuten proiektua. Udalak eskainitako laguntza ekonomikoarekin tranpa kamerak erosi zituzten. Kamera hauek tenperatura sentsore bat dute, eta ugaztun bat aurretik pasatzean, tenperatura aldaketa bat nabaritzen dute, eta bi argazki eta bideo bat hartzen dituzte. Kamerak egunez zein gauez egon dira aktibo.
Animaliak zein hostoak
Udal lursaila zortzi sektoretan banatu zuten, eta sektore bakoitzak arduradun bat izan zuen. Arduradun hauek laginketa eremuak erabaki eta kamerak jarri zituzten, eta behin lan hori eginda, kamerak berrikusi, irudiak deskargatu eta datuak prozesatu behar izan zituzten. Baina bi arazorekin egin zuten topo: kamerak agerian jartzen bazituzten, lapurtuak izateko arriskua zegoen, eta lursail asko ezin izan zituzten ikertu itxiak edo pribatuak zirelako. Prozesu «gogorra» izan dela aitortu du Ferreresek: «Hiriko 160 puntu ikuskatu behar izan ditugu, 1.000 argazki baino gehiago deskargatu, eta banan-banan berrikusi. Argazki batzuetan animaliarik ez zen agertzen, kamerak hostoen mugimenduek aktibatzen baitzituzten».
Emaitzak «harrigarriak» izan direla gehitu du proiektuaren zuzendari teknikoak: «Jendeak ez du espero Ulian azeri bat edo Altzan azkonar bat aurkitzea. Europako beste herrialdeetan ugaztunak urbanizatu egin dira, baina hemen oraindik bitxia da fauna hain gertu izatea». Duela 50 urte baino ugaztun gehiago daudela frogatu dute proiektuaren emaitzek. Guztira, hogei animalia espezie aurkitu dituzte, besteak beste, azeria, basurdea, orkatza eta katajineta. Hogei horietatik, lau mehatxatutako espezieak dira: ipurtatsa, basakatua, igaraba eta lepahoria.
Zalantzaz beteriko etorkizuna
Ipurtatsa (mustela putorius) eta basakatua (felis silvestris) Zubieta eta Landarbason erregistratu dituzte, baina haien etorkizuna zalantzaz beteta dago. Aranzadik ipurtatsa Igeldon eta Igaran aurkitu zuen 2008an, baina Itsas Enarakoek iaz ez. Hori gertatzeko arrazoia Igarako ubidearen baldintza kaskarra dela dio Ferreresek. Basakatua aurkitzea, berriz, ez zuten espero, eta hauentzat kaleko katuak «mehatxu bat» direla ohartarazi du: «Gaixotasunak ekar diezazkiekete eta genetika galtzen ari dira, jokabide basatiak galduz. Europako beste herrialde batzuetan ia erabat desagertu dira».
Igaraba (lutra lutra) eta lepahoria (martes martes), ordea, birkolonizazio prozesu batean daudela dirudi. Erreketako uraren kalitatearen hobekuntzari esker, orain dela 40-50 urte baino igaraba gehiago daude. Gipuzkoa izan da estatuko azken probintzia igaraben ugalketa aztertzen: «Logikoa da honelako ikerketetan atzean geratu izana, Espainiako Estatuko giza dentsitate handiena baitugu», argitu du zuzendari teknikoak. Ugaltzen jarraitzea espero dute. Lepahoriak aurkitzea, aldiz, ez zuten espero, baina zentzuzkoa dela aitortu du, jada Bizkaian zein Galizian itsasoaren mailara iritsi baita animalia hau.
Jendeak imajinatzen ez dituen animaliak etxetik gertu dituela nabarmendu du Itsas Enara elkarteak, eta mehatxatutako espezien egoera garrantzi handikoa dela errepikatu du. Orain, etorkizuna jomugan dago, eta proiektua urte batzuk barru errepikatu nahi dutela adierazi du Javier Ferreresek, aldaketak egon diren edo ez erregistratzeko. Espezie arrunten kopurua mantentzea edo handitzea espero dute, baina mehatxatutako animalien etorkizuna ez dakite nolakoa izango den.