HAPO berriak hiri bizigarriago bat eraiki dezake?
Desarrollismoa izan da hirigintza eredu nagusia azken hamarkadotan. Horrek aurrerapenak ekarri zituen, baina baita arazo ugari ere. Krisi sistemikoaren testuinguruan, zailtasunak areagotzen ari dira, eta hiriak birpentsatu behar dira, bizigarriak izatea nahi badugu. Hortik abiatuta, hirigintza birsortzailearen kontzeptua garatu dute Paisaje Transversal eta Landlab arkitektura estudioek, 'Santander, hábitat futuro' liburuan. Donostiako HAPO berria idazten ari diren honetan, Santanderrentzat garatutako eredua Donostiara nola ekarri daitekeen aztertu dugu Jon Agirre Such, Miriam Garcia Garcia eta Pilar Diaz Rodriguez arkitektoekin.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) hiri batek duen tresna juridiko garrantzitsuenetarikoa da, bertan zehazten baita epe labur, ertain zein luzera non eraiki daitekeen, zenbat eraiki daitekeen eta nola eraiki daitekeen. Hau da, hirian garatzen diren hirigintza proiektuak plan horren arabera garatzen dira, eta, beraz, hiriak izango duen eboluzioa baldintzatzen du. Donostiako egungo HAPOa 2010ekoa da —aurrekoa 1995ekoa zen—, eta orain berrikusten ari dira, datorren urtean berria argitaratzeko asmoarekin. Beraz, une oso garrantzitsu batean murgilduta dago hiria.
Orain arte, etengabe etxeak eraikitzearen aldeko apustua egin da HAPOetan. Urteekin, ordea, testuingurua asko aldatu da, eta bada hirigintza eredu alternatiboak planteatzen ari denik; hirigintza birsortzailea edo biziberritzailea da alternatiba horietako bat. Paisaje Transversal eta Landlab arkitektura estudioek indarrak batu dituzte kontzeptua aztertu eta Santanderren (Kantabria, Espainia) aplikatu daitekeen hiri eredu bat garatzeko —Urbanismo regenerativo. Santander, hábitat futuro liburuan—, hirigintza birsortzailean oinarritutakoa. Kantabriako hiriburuko HAPOa elikatzea da, hain justu, proiektuaren helburu nagusia.
Baina, zer da hirigintza birsortzailea? Honela azaldu du Landlabeko Miriam Garcia Garciak: «Urbanizatzea ez da da soilik etxeak eraikitzea, habitatzeko dugun modua birpentsatzea da. Hirigintza birsortzaileak hori jartzen du erdigunean: gure hiri ereduak birpentsatzea, krisi sistemikoaren testuinguruarekin lotuta —aldaketa klimatikoa, biodibertsitatearen galera, ur eskasia, eta abar—. Hiriek elikagaiak ekoizteko gero eta ahalmen gutxiago izatea krisi horren parte da, gune estraktibista hutsak bihurtu direlako. Orduan, xedea da hirietatik berreskuratzea gure inguruarekin lotzen gaituzten ziklo metabolikoak, naturarekin harreman handiagoa izateko eta hiri bizigarriagoak eraikitzeko».
«Ezin gara jatorrizko egoerara itzuli, baina lortu dezakegu hiriak ingurune naturalarekin lotuago egotea. Gaur egun, eraikitako ingurunea oztopo bat da konektibitate ekologikoaren eta biodibertsitatearen fluxuentzako, baina baita gure bizi kalitatearentzako ere», gaineratu du Paisaje Transversaleko Pilar Diaz Rodriguezek. Eta ñabardura garrantzitsua egin du estudio bereko Jon Agirre Such donostiarrak: «Horrek ez du esan nahi aurrerabide zientifikoan eta teknologikoan atzera egin behar dugunik; hain justu, habitatzeko dugun modua eta funtzionatu ez duten hiri ereduak birpentsatzeko, ezinbestekoa da zientzian aurrera egiten jarraitzea, gauza asko irauli behar direlako. Eta horrek aurrerapenak eskatzen ditu pentsamenduan, teknikan, eta abarretan. Ez teknikak edo pentsamenduak salbatuko gaituztelako, baizik eta orain arte ondo atera ez den guztia birpentsatzeak salbatuko gaituelako». «Hiria da gizateriak egin duen aurrerapausorik handiena, eta gure erronkarik handiena izaten jarraitzen du, gai izan behar baikara artikulatzeko sortu dugun munstro txiki hau, planetak onartu ahal izan dezan», gehitu du Diazek.
Santanderretik Donostiara
Aipatu liburuan, Santanderrentzako hiri eredu bat garatu dute, baina baita auzo bakoitza aztertu eta bakoitzerako proiektuak planteatu ere. Era berean, hiria sei eremutan banatu dute, bakoitzak hirian zer rol jokatzen duen ondo definituta eta bakoitza bere ikuspegiarekin; denak hirigintza birsortzailean oinarritutako hiri ereduaren barruan. «Eremu bakoitzak hirian duen rola zehaztuta, udalak baliabideak eta irizpideak ditu erabakitzeko eremu bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez», azaldu du Garciak.
Santanderren garatu badute ere, beste hirientzako tresna bat izan daitekeela nabarmendu dute arkitektoek, baita eredu hori beste hirietara estrapolatu daitekeela ere. «Aurretik hiri bakoitzaren beharrak eta arazoak identifikatuz eta beharrezko estrategiak garatuz. Horrela, markoa argi izanda, auzoetako erakunde propioak sortu daitezke, hiri estrategiaren barruan auzoetarako proiektu berezituak garatuko dituztenak, parte hartzean oinarrituta, betiere. Izan ere, aproposena izango litzateke proiektuak parte hartzetik jaiotzea, eta ez promotoreen ideietatik. Horregatik, egitura parte hartzaile sendoak behar dira», azaldu du Diazek.
Santanderren eta Donostiaren arteko antzekotasunak asko dira. Adibidez, hiri kantabriarreko sei eremu horietako batentzat planteatu dutena Donostiara ekarri daiteke: «Santanderreko itsasertzeko landazabaleko eremua deitu dioguna berdegune handi bat da egun, baina airean daude han garatzeko hainbat proiektu. Airean daude, ez dagoelako hiri eredu bat zehaztuta eta ez dagoelako argi zer rol jokatu behar duen eremu horrek hirian. Horrela, eremu horretarako, guk proposatzen dugu landazabaleko eremu produktibo bat izatea; produktiboa elikagaien ekoizpenari eta biodibertsitateari dagokionez», kontatu du Garciak. Donostiak ere badu hiria inguratzen duen gerriko berde natural bat, eta hainbat proiektu daude airean eremu horietan: Antondegin surf parkea eta Auditz Akularren 3.000 etxebizitza inguru eraikitzea, besteak beste.
Donostiako HAPO berriak zehaztuko du zein izango den eremu horien etorkizuna eta zer hirigintza eredu jarraituko duten; orain artekoa edo beste bat. Ildo horretatik, Gasteizko Eraztun Berdearen eredua jarri du Garciak: «Proiektu birsortzaile bat da, eremu berde horretako elementuak erabiltzen dituelako hirian inpaktu positiboa izan dezaten. Berdegune bat da, eta proiektua euri ura kudeatzeko jaio zen, hiriko periferia urez bete ez zedin. Hau da, ez zen soilik plan berde bat, drainatze proiektu bat zen, kirol ekipamenduak eta erabilera zibikorako espazioak bere gain hartzen zituena».
«Donostiako gerriko berde natural horrek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak aintzat hartu behar dira, eta aztertu behar da zer eragin izan dezakeen eremu natural horretan eraikitzeak. Kontua da hirigintza beti lotuta egon dela etxebizitza garapenaren bidez plusbalioak sortzearekin. Eta Donostian zaila da horri aurre egitea, pelotazo hiri bat delako; hain zuzen ere, etxebizitzaren prezioa estatuko garestienetakoa da», gaineratu du Diazek.
Santanderreko kasuan zailtasunak izan dituzte, baina Diazek dioenez, ez dute etxebizitzaren merkatuaren presioaren zailtasuna izan: «Presio hori oso txarra da hiriarentzat, birsortzailea ez den merkatu batetik datorrelako, merkatu espekulatibo batetik, hain zuzen ere. Oso zaila da horri aurre egitea, gure gizartean oso errotuta dagoen zerbait delako etxebizitzaren sektorean inbertitzea».Zaila bada ere, horri aurre egin behar zaiola nabarmendu du: «Biziberritzeak ere esan nahi du merkatua berrasmatu behar dugula, zoriontsuagoak izan gaitezen. Merkatu espekulatibo honek okerrago bizitzera garamatzalako».
Etorkizunera begirako HAPOa
Agirrek deitoratu du dagoeneko argitaratu den Donostiako HAPOaren aurrerapenak betiko bide beretik jarraitzen duela: «Planteatzen ari diren ereduak jarraitzen du egoten desarrollismoaren parametroen barruan, balio ekologikoa duen lur urbanizaezina okupatzea planteatzen duelako, besteak beste. Donostiak badu 2030 estrategia bat, baina oso orokorra da eta estrategia hori eta HAPOa erabat bananduta daude. Horri buelta eman behar zaio, eta elkarrekin joan behar dute 2030 estrategiak eta HAPOak».
Hain zuzen ere, datuek babesten dute Agirrek dioena: 3.411 etxebizitza eraiki dituzte azken bi legegintzaldietan, onartuta edo exekuzioan daude beste 1.993 eta epe ertain edo luzera egitekoak dira beste 4.335; hau da, 6.328 etxe berri eraikiko dituzte hirian datozen urteetan (4.206 Loiola-Martutenen, tartean 1.700 kuarteletan).
Horrez gain, 2010eko HAPOan aurreikusita daude beste 6.508. Abian den berrikuspenean erabakiko da horien etorkizuna, zalantzan baitaude. Tartean daude bi berdegune handi, hirigintza birsortzaileko eredu bat garatuz gero, hirian bestelako rol garrantzitsuak izan ditzaketenak: Martuteneko Antondegi eremua (3.088 etxebizitza daude aurreikusita, baina surf parkearen aldeko apustua egiten ari dira orain) eta Altzako Auditz Akular eremua (3.044 etxebizitza).
Hori ez da bidea, Diazen ustez: «Karbono hiri neutroak nahi ditugula esaten badugu, nola proposatu dezakezu etxebizitzak eraikitzen jarraitzea? Zergatik ez ditugu dagoeneko existitzen diren etxebizitzak birgaitzen edo bestelako alternatibak bilatzen? Kudeatzeko zailagoak dira halako aukerak, eta gaur egun oso errentagarritasun txikia dute, baina etorkizunera begira jarri behar gara».
Zardoya-Otis probaleku izan daiteke
Azkenaldian eztabaida handia sortu duen proiektuetako bat Herrerako Zardoya-Otis eremuan eraikitzekoak diren 380 etxebizitzena da (Jolastokieta III), eraikigarritasuna gero eta gehiago handitzen joan delako udala, hiriko auzo populatuenetako batean garatuko dutelako eta bizilagunek benetako parte hartze prozesu bat eskatu dutelako, besteak beste. Diazen ustez, bestelako aukera interesgarriak eskaintzen ditu eremu horrek: «Donostia goraino beteta dago, baina udalak ez die mugarik jartzen halako proiektuei. Eremu horretan, aztertu daiteke proiektu birsortzaile txiki bat abian jartzea, proba gisa, eraikin industrialak berrerabiliz, erabilera mistoko guneak sortuz, eta abar. Aldiz, udalak ez dauka halako proiektu alternatiboak probatzeko iniziatibarik, betiko bidetik jarraitu nahi du. Eta etxebizitza berriak eraikitzeko garaian, ondo aztertu behar dugu non eraikitzen ditugun, ezin dira edonon eraiki; zergatik erabakitzen dute hor hazten jarraitzea?». Hain zuzen ere, horiek ez dira Altza inguruan aurreikusten diren etxebizitza bakarrak, ezin baita ahaztu Auditz Akularreko planteamendua.
Zardoya-Otis eremuan, beste hainbat eremutan gertatzen den moduan, egungo industria eraikin degradatuak botatzea eta etxeak zerotik eraikitzea planteatzen du udalak. Horrek ez du zertan beti horrela izan, Garciaren aburuz: «Batzuetan, beharrezkoa izan daiteke eraikin batzuk botatzea, adibidez, eremu hori berriz naturalizatu daitekeelako, beste gune natural batzuekin konektatu eta hiriaren edo auzoaren bizigarritasuna hobetzeko. Beste kasu batzuetan, eraginkorra izan daiteke eraikinak aprobetxatzea, eta beste batzuetan botatzea eta etxe berriak eraikitzea. Kasu bakoitza desberdina da, eta hiri eredu birsortzaile baten barruan aztertu behar da». «Herritarrek ulertu behar dute proiektuak ikuspegi global batetik planteatu behar direla, ez soilik ikuspegi ekonomikotik», gehitu du Diazek.
Etxebizitza da Donostiako arazo handienetako bat, eta udal hauteskundeetan argi gelditu zen moduan, eskaintza handitzea da alderdi gehienek planteatzen duten irtenbidea. Ordea, soilik etxebizitzak eraikiz eta Diazek aipatutako merkatu espekulatibo horri aurre egin gabe konpondu al daiteke arazoa? Etxebizitzaren beharrean baino, habitataren beharrean jarri behar da fokua, Garciak nabarmendu duenez: «Etxebizitza bat bere horretan ez da auzo bat, habitat bizigarri bat eraikitzeko beste gauza asko izan behar dira: kalitatezko zerbitzuak eta ekipamenduak, auzo bizitza, eta abar. Hori da benetako beharra».