Los Boscosetik Herri Ametsa ikastolara
Altzako Los Boscos auzunean 1968-1969ko ikasturtean hasi ziren eskolak ematen, etxe berrietako etxabeetan prestatutako ikasgeletan. Hortik aurrera, eskola handitzen joan zen pixkanaka, eta denborarekin, etxabeetan sortutako eskola Herri Ametsa ikastola bihurtu zen.
Altzako Los Boscos auzo berrira bizitzera joan ziren familia gehienak eskola adineko seme-alabak zituzten bikote gazteak ziren. Antxon Alfarok Estibaus.info webgunean azaldu duenez, aurkitu zuten lehen arazoetako bat izan zen inguruko eskolek ezin zituztela hainbeste ikasle berri hartu. Arazo horren aurrean, etxe berrietan bizitzen hasi bezain laster, lanean hasi ziren egoera horri erantzun bat emateko.
Auzoaren hasierako diseinuan ez zen eskolentzako espaziorik aurreikusten, 4. eta 5. etxeen azpian haurtzaindegi bat aurreikusten bazen ere. Hala ere, auzunea eraikitzean, lurraren orografia zela eta, eraikin batzuen etxabeetan espazioak sortu zituzten. Inguruko haurrak eskolaratu ahal izateko, Donostiako Udalarekin harremanetan jarri ziren, baxu horien erabilera doan lagatzeko. «Udalak proposamena onartu zuen eta eskola berriak mantentzeko gastu guztiak ordaintzeko konpromisoa hartu zuen», azaldu du Alfarok.
1968. urtearen hasieran, Los Boscos Etxebizitza Kooperatibaren Eskola Patronatua sortu zen eskolak kudeatzeko, eta 1. eta 12. eraikinetako etxabeak bi gela sortzeko erabiltzea erabaki zuten, bata neskena eta bestea mutilena.
1968-1969ko ikasturtea izan zen lehenengoa. Hezkuntza Ministerioak Maite Iñiguez Ruiz de Clavijo bidali zuen nesken taldera, eta Jaime Herrera del Olmo mutilen taldera, irakasle gisa, zuzendaria izateaz gain. Maite Iñiguezek 1968ko irailaren 28an hartu zuen kargua Donostiako Udalean. Bestalde, 1. zenbakiko beheko solairuan ere lokal txiki bat zegoen, haur txikienentzako.
1970-1971ko ikasturtean, eskola handitu egin zen, 4 eta 5 zenbakietako behealdean kokatutako lau gela berrirekin. Talde guztiak 40 ikasle ingurukoak ziren. Eskolaurreko gelak ofizialak izatera pasatu ziren eta ikasturte horretan hasi zen ezartzen Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren Lege berria (1970), 6 urtetik 14 urtera bitarteko derrigorrezko oinarrizko hezkuntza orokorra ezarriko zuena. Lege hori 1990. urtera arte egon zen indarrean, orduan onartu baitzen LOGSE legea.
Hurrengo ikasturteetan sei taldeak mantendu ziren, eta guztira 250 ikasle inguru izan zituen Los Boscoseko ikastetxeak.
Eraikin berriak
1972-1973ko ikasturtean zehar, hainbat bilera egin zituzten Donostiako Udalarekin, Jose Maria Fernandez Zurdo zinegotziarekin zehazki, eskoletako lokalen erosketa aztertzeko eta lokal horiek estatuko ikastetxeen sarean sartzeko. «Elkarrizketa horietan ez zuten akordiorik lortu», adierazi du Alfarok.
1973an, San Jose de Calasanz ikastetxearen eraikin berriaren inaugurazioak inguruko haurren eskolaratze baldintzak hobetzea ekarri bazuen ere, horietako asko oraindik Los Boscosen edo Pikabearen moduko etxabeetan eskolatuta zeuden. Egoera horren ondorioz, 1974-1975ko ikasturtean, eskola horietako haurren amek protestak egin zituzten udalaren eta Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, Calasanzeko San Jose ikastetxean haur guztiak baldintza duinetan matrikulatzeko eskatuz.
Mobilizazio horien ondorioz, patronatua 1975ean ixtea erabaki zuten, baina ez San Jose de Calasanz ikastetxearen osagarri izango ziren gelak, bigarren ikastetxe bat eraikitzen ez zen bitartean. «Ikastetxe berri hau ez da 1980-1981ko ikasturtera arte inauguratuko, eta Oleta Ikastetxe Publikoa izena hartuko du», zehaztu du Alfarok.
1975-1976ko ikasturtean, eskolaurreko gelak behin betiko itxi zituzten, eta haurrak Arri-Berriko Udal Eskolartera joan ziren.
Los Boscos auzunean, patronatuko gelez gain, Altzako ikastolako eskolaurreko bi ikasgela ere aritu ziren lanean hamarkada batez. Ondoren, Herri Ametsa Ikastola izena hartu zuen. 1970eko hamarkadaren hasieran, Joan Mari Irigoien eta Begoña Alkiza harremanetan jarri ziren Los Boscos auzuneko San Jose Langilea parrokiako Pedro Migel Ezkerra apaiz kaputxinoarekin, auzoko haurrentzako eskolaurreko euskarazko gela bat martxan jartzeko asmoz.
Azkenean, 1980ko irailean eskolaurreko talde guztiak Herri Ametsa ikastolako lokaletan bildu ziren. Horrez gain, gauetan, ikastolako gelak inguruko pertsona helduak euskalduntzeko ere aprobetxatzen ziren.