Mintzalaguna egitasmoa, euskararen topagunea baino gehiago
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak 1992an ekin zion Mintzalaguna egitasmoari, eta ordutik euskararen sarea ehuntzen jarraitu dute. Donostian, egitasmoarekin hastear daude beste behin, eta urriaren 20ra arte luzatu dute izena emateko aukera.
Bi profiletako pertsonak batzea dute helburu Bagera elkartean: batetik, bidelaguna dago, euskaraz irakatsi nahi duen boluntarioa; bestetik, bidelaria, eskoletan eskuratutako maila praktikan jarri edo lagun berrien artean, euskaraz hitz egiteko espazioa sortu nahi duen oro.
Iaz 75 talde sortu zituzten, hiruzpalau lagunekoak gehienak, eta, orotara, 300 pertsonak hartu zuten parte egitasmoan. Urtez urte jendeak «gogoz» errepikatzen duen arren, pandemiaz geroztik beherakada nabarmena izan dutela dio Aitziber Gurutzeaga Mintzalaguna ekimeneko zuzendariak: «Bereziki bidelagunak topatzea da zaila, jendeak ez duelako bere burua prest ikusten».
Hain zuzen, konfiantza falta horretara daramaten usteek bidelagun bihurtzeko oztopo nagusi dira Gurutzeagaren ustez: «Ez da euskara irakasle eta ikasle baten arteko harremana. Hemen, bidelaria ez dago zuzenketak egiteko, gainerakoak hitz eginaraztea eskatzen zaio soilik ». Era berean, kaleko hizkuntza sendotzeko egitasmoa izanik, euskalkiak ere ongi etorriak direla nabarmentzen du: «Hemen euskara guztiak dira onak, kalean edozeinekin topo egiterako orduan ohitura izatea bilatzen dugulako».
Hala, animatzen direnen arteko sarea sortu eta taldetxoak elkartzeko zubi lana egiten du Bagerak. «Bidelariek soilik ordaintzen dute 30 euroko matrikula, eta astean behineko hitzordua mantentzen da, askotariko gaien inguruan hitz egiteko» azaldu du Gurutzeagak. Batzuetan, aniztasuna bilatzen dute, eta ordutegia baino ez dute kontuan hartzen taldeak osatzeko. Besteetan, aldiz, adin tartea, edo partekatu ditzaketen zaletasunak bilatzen dira.
Urratsez urrats
Donostiako talde baten kasuan, euskarak ariketa fisikoarekin bat egiten du, eta ibilaldiak egitera joaten dira: «Beste taldeak ez bezala, eguraldiak behartzen gaituenean esertzen gara soilik» adierazi du Felix Sainz bidelagunak.
Sainzek erretiroa hartu zuenean eman zuen bidelagun izateko pausoa: «Etxetik atera eta ibilaldiak egiteko ideia nuen, eta hala adierazi nion Aitziberri». Taldea sortu zutenean, hamabi lagun inguru elkartzen ziren, bi edo hiru orduko ibilaldi luzeak egiteko; baina azken urteotan, pandemia tarteko, taldea murrizten joan da. Egun, lau lagunek osatzen dute, baina ateak zabalik mantentzen dituzte: «Aurten ordu eta erdiko ibilaldiak egingo ditugu. Batzuetan, Loiolako Erribera aldera joaten gara; beste batzuetan, aldiz, Haizearen Orraziraino…». Ibilbidea ez ezik, erritmoa ere egokitu dute. «Gero eta mantsoago goaz», aitortu dute barre artean.
Sainzek «bizitza guztia» eman du euskara teknikari, irakasle eta abarretan, eta paseoan dabilen bitartean jendearekin hitz egitea du gustuko. «Parte hartzaileak gogotsu etortzen dira, eta beti sortzen da gairen bat». Umorea du akuilu, eta kideek gustuko duten ironia baliatzen zirikatzerako orduan. «Isiluneren bat egonez gero, badakit nondik egin tira», azaldu du. Denborarekin, gainera, euskararen erabilera bultzatzeko sortutako taldea, lagun talde bihurtzea lortu du Iñaki Cendrero, Amelia Perez de Inestrosa, eta Teresa Baskaran kideekin batera.
Mintzalagunari katigatuta
Sainzen taldean gertatzen den moduan, zenbaitetan talde batean baino gehiagotan hartzen dute parte kideek. «Talde hau dut, eta beste egun batzuetan alferren taldearekin egoten naiz» dio Iñaki Cendrerok, txantxetan. Azaldu duenez, kalean ibiltzea nahiago izaten du baina bestelako aukerak topatzen ditu beste taldean: «Beste taldean elkarte bateko mahai baten inguruan biltzen gara, baina horrek ere jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu». Antzeko ibiltzen da Teresa Baskaran ere. Izan ere, ibiltariekin lortutako harremana beste talde batekin partekatzen dute astean behin: «Hemen,aldiz, aukera paregabea dugu euskaraz egin eta ondo sentitzeko». Baskaranek halako espazioen beharrean zegoela aitortu du, egitasmotik kanpo euskaraz mintzatzen diren lagunak dituen arren, gazteleraz egiten duelako haiekin: «Zaila da urte luzetako harremanetan ohiturak aldatzea».
Euskara baino gehiago
Amaran beste talde bat geratzen da astero. Ordu batez euskaraz egin eta euren astea nola joan den kontatzen diote elkarri. «Asko ikasten dugu» diote, «astronomiaz eta botikez, bereziki». Taldea osatzen duten bost kideetatik bi —Miriam Erviti eta Nekane Muñoz— farmazialariak dira, eta besteak beste, euren eguneroko lanean euskara aberasteko egiten dute jarduera hau. Gainera, «ez dugu ez azterketarik, ez etxeko lanik». Euskaltegiko zurruntasunetik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera honetan gainera, «zuku edo kaña baten baitan aritzen gara» azaldu du Ekaitz Agirre bidelagunak. Duela bost urte osatu zuten taldea, eta ordutik bere oporraldietan baino ez dute eteten asteroko haria: «Bide polita egiten ari dira. Mintzalagun egitasmoak konfiantzazko gune batean lotsarik gabe hitz egiteko aukera ematen die, askatasun handiagoa dutelako».
Hain zuzen, umorea da nagusi asteroko bilkuretan. «Aniztasuna nabarmena da gure taldean, askotariko bizi esperientziak ditugu eta asko ikasten dugu elkarrengandik», dio Agirrek. Taldeko bi farmazialariez gain, erretiratu diren beste bi kidek osatzen dute boskotea: Alan Kennedy eta Josetxo Minguezek. Kennedy eskoziarra da eta hiru urte daramatza euskara ikasten: «Emaztea euskalduna dut, baita inguruko giroa ere, eta eguneroko elkarrizketak trebatzeko aukera ematen dit egitasmoak».
Josetxo Minguez, bere aldetik, zeharkako gai jartzailea da taldean: «Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, eta gehiegi daki» diote gainerakoek. Nolanahi ere, besteak ez dira entzutera bakarrik joaten. «Denak interesagatik iristen dira eta sortzen den giroagatik geratzen gara», dio Agirrek. Asteroko bilerekin noizbait bukatuko ote duten galdetuta, argi dute: «Inoiz ez, dagoeneko kuadrilla bat gara eta».