Modaren alternatiba jasangarriak sustatzeko jardunaldia antolatu du Saretuz elkarteak
Saretuz Plazan egitasmoa antolatu du kontsumo arduratsuaren aldeko Saretuz elkarteak iganderako, eta moda izango dute hizpide. Hainbat postu jarriko dituzte Alderdi Ederren, eta 10:00etatik 14:00etara egongo dira han: “Helburua da kontsumitzaileak arazo horren inguruan kontzientziatzea eta mobilizatzea. Era berean, hirian dauden benetako alternatibei buruzko informazio praktikoa eman nahi dugu”. Hau da, parte hartzeko hainbat gune eskainiko dira, esaterako, arropa trukerako gunea, tuneo gunea, marrazketa tailerra eta speakers corner, besteak beste, gaiari buruz modu praktikoan hausnartzeko.
Hain zuzen ere, arropa truke gunea eta marrazketa ikastarorako gunea goiz osoan zehar egongo dira zabalik, arropa tuneo gunea 11:00etatik 14:00etara eta speakers corner-a 13:00etatik 14:00etara. Truke gunera gehienez bost jantzi eraman daitezke, eta beste jantzi batzuengatik aldatu ahalko dira. Tuneo guneari dagokionez, etxetik edozein jantzi eraman dezakete herritarrek, bertan moldatzeko. Bestalde, mikro irekia egongo da speakers corner-ean, eta zerbait esan nahi izanez gero, aurretik Saretuzekin harremanetan jartzeko aukera dago, saretuz@gmail.com helbidera idatzita.
14:00etan, Zero Pobrezia plataformak moda azkarraren aurka antolatutako bizikleta martxa iritsiko da Alderdi Ederrera, eta han irakurriko dute manifestua.
Alternatiben beharraz
Modaren gaia hautatu izana ez ausazkoa izan, Saretuzek azaldu duenez: “Badakigu planetaren baliabideak kolapsatzetik gertu gaudela, eta modaren industria horren isla garbia da. Munduan, 2000-2015 aldian, arropa ekoizpena bikoiztu egin da. Herritarren artean modaren kontsumoa %60 igo da azken hamabost urteotan, eta Europako armairuetan dagoenaren %30 ez da erabili gutxienez urtebetean. Horrek guztiak gizarte eta ingurumen ondorio larriak ditu. Moda industria munduko bigarren kutsagarriena da, petrolioaren industriaren ondoren. Urtero 92 milioi tona ehun hondakin ekoizten dira munduan, eta, horietatik, %80 inguru erre edo zabortegietan amaitzen dute”.
Gaineratu dutenez, “maila sozialean ere, ondorioak kezkagarriak dira”: “Erabiltzen ditugun arropek gabezi asko ezkutatzen dituzte: astean 70 ordu arteko lanaldiak (eskulanaren %80 emakumeak dira), soldata ez duinak, osasunerako oso kaltegarriak diren kimikoak eta teknikak erabilpena, eta segurtasun eta osasungarritasun baldintzak eskaseko lantegiak”. Ildo horretatik, modaren industriak hori guztia ezkutatzen duela salatu dute: “Ehungintzako multinazionalek beren ospea hobetzeko estrategiak sofistikatu dituzte, jasangarritasunari, emisioen murrizketari eta abarri buruzko zalantzazko mezuekin. Hala ere, neurrigabeko kontsumo eredua zabaltzen jarraitzen dute”.