Bost urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, beste bat hiltzen saiatzeagatik
Gipuzkoako Auzitegiak bost urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio 2021eko azaroan Altzako Roteta eremuan gizon bat hiltzen saiatu zen gizonari. Uztailean egin zuten epaiketa, eta orain atera da epaia, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Fiskaltzak hamaika urteko kartzela zigorra eskatzen zuen gizonarentzat.
Hilketa saiakera delitua eta toxikomaniaren aringarriarekin mehatxu egitea frogatutzat emanda zigortu dute, eta 7.592 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio biktimari, baita 540 euroko isun bat ordaindu ere, lesio arinen delitu batengatik. Isun bera ezarri diete zigortutako gizonarekin zeuden beste bi gizoni, biktimari ostikoak eta ukabilkadak jotzeagatik.
2021eko azaroaren 19ko gauean izan ziren gertakariak, 03:00ak aldera. Zigortutako hiru gizonak kalean zeuden, gizon baten eta haren amaren arteko eztabaida gertatzen ari zenean. Kartzela zigorra jaso duen gizona eztabaidatzen ari zen gizonarekin liskarra izaten ari zen, eta bere etxetik gertatzen ari zena ikusten ari zen beste gizon bat —biktima— borroka gelditzera jaitsi zen.
Berarekin kolpeka borrokatzen hasi ziren orduan hiru zigortuak, eta espetxe zigorra jaso duenak laban batekin zauritu zuen sabelean. Epaitegiak ondorioztatu du “hiltzeko asmoz” egin ziola eraso labanarekin, eta horregatik ezarri dio aipatu zigorra.