Eskola Kirolako lehiaketetan hasiko dira 5.000 ikasle baino gehiago asteburuan
Eskola Kiroleko jardueren programako lehiaketak hasiko dira larunbatean, hilaren 21ean, Donostia Kirolak koordinatuta. Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek azaldu duenez, 2023-2024 ikasturtean, 5.000 ikasletik gora dira benjaminen eta kimuen kategorietan parte hartuko dutenak, eta horrek esan nahi du Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetako ikasleen %70ek baino gehiagok jardungo dutela antolatzen diren lehiaketetako baten batean. Era berean, adierazi du neskak partaide guztien %42 direla.
Kirol anitzeko lehiaketen egutegiak bi eredu ditu. Alde batetik, hiruhileko bakoitzean kirol modalitate desberdina egingo dutenen eredua, eta bestetik, ikasturte osoan zehar asteburuz asteburu kirol modalitateak aldatzea erabaki duten ikastetxeen eredua. Donostia Kirolarekin lankidetzan, ikastetxeek erabaki dute zer kirol modalitate egingo dituzten, zer ordenatan egingo dituzten, zer instalazio erabiliko dituzten eta zer klubek lagunduko dieten jardueren kontrol teknikoan.
Ia mila talde arituko dira bi kategorietan, eta lehiaketa modalitate hauetan parte hartuko dute: futbol sei, 3×3 saskibaloia, areto futbola, futbol zortzi, eskubaloia, hockeya, errugbia, miniboleibola eta pilota. Horrez gain, igeriketako, atletismoko, triatloiko eta txikizunbako jardunaldiak egingo dira, besteak beste.
Kimuen kategoria
Kimuen kategorian, ikasle guztiek gutxienez bi kirol modalitate kolektibo egiteko aukera izango dute ikasturtean zehar. Aurten, 409 talde inskribatu dira, eta kirolik eskatuenak saskibaloia eta futbola izan dira. Horien atzetik, hockeya eta eskubaloia eskatu dituzte gehienbat.
Mutilek gehien aukeratu dutena futbola izan da, baina inskribatu diren taldeen ia %25 neskenak dira. Nesken artean, gehien egiten den kirola saskibaloia da Donostian.