Realak zibereraso bat pairatu du
Realak zibereraso bat antzeman du bere zerbitzarietan, eta bere bazkideei “kontuz” ibiltzeko eskatu die. Izan ere, zibererasoak klubaren zerbitzariei eragin die, eta zerbitzari horietan daude “abonatu, akziodun, RS Fan eta RS Lagunen identifikazio eta harreman datuak, horien artean izen-abizenak, NAN zenbakiak, helbide elektronikoak, posta helbideak, telefono zenbakiak eta, abonatuen kasuan, baita abonuak ordaintzeko erabiltzen diren banku kontuen zenbakiak ere”.
“Egoera ikusita, eta kontuan hartuta lehen aipatutako gertakariak eragin dezakeela zure datu pertsonalen gaineko kontrola galtzea edo, agian, zure nortasuna ordeztea, Realak uste du ezinbestekoa dela jakinarazpen hau bidaltzea, eta gomendatzen dizugu kontuz ibiltzea komunikazio elektroniko susmagarrien aurrean. Horrez gain, eta zure lasaitasunerako, azpimarratu nahi dugu adierazitako banku datuek abonuen zordunketak egiten ditugun kontu zenbakia baino ez dutela jasotzen. Hau da, zirkunstantzia horrek ez du eragingo, azken batean, galera finantzarioak ekar ditzakeen eraginik”, gaineratu du klubak, bazkideei bidalitako mezuan.
Gertakaria konpontzeko “baliabide guztiak” martxan jarri dituztela nabarmendu du Realak, eta, horri esker, sistemak “behar bezala funtzionatzen” duela egiaztatu dutela. “Halaber, gertakariaren berri eman diegu dagokien agintariei, baita Datuak Babesteko Bulegoari ere”, gehitu dute.