Elkartasun anarkista Asturiastik Nafarroara, Donostiatik pasatuta
Gipuzkoako CNTko Oroimen Taldea inguruko militante anarkisten istorioak berreskuratu eta ezagutarazteko lanean buru-belarri dabil, eta Donostiatik pasatzen den istorio bat deskubritu berri dute: Jose Antonio Miyar Escandonena.

Oroimena hariek osaturiko mataza baten antzekoa da, eta hari egokia aurkitzen denean korapiloak askatzeko hariaren bidea arretaz jarraitu beharra dago», adierazi zuen Gipuzkoako CNTko Oroimen Taldeko Josetxo Etxeberria donostiarrak hedabide honetan berriki argitaratutako Biolinen zorroa (2) iritzi artikuluan. Mataza hori askatzeko lanetan, Jose Antonio Miyar Escandonen hariarekin egin dute topo, Donostian jaio edo bizitako Manuel Chiapuso (Donostia, 1912—Barakaldo, Bizkaia, 1997), Kasilda Hernaez (Zizurkil, Gipuzkoa, 1914—Donibane Lohizune, Lapurdi, 1992) eta Felix Likiniano (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1909—Biarritz, Lapurdi, 1982) anarkistak tartean dituena.
Miyar Escandon Gijonen (Asturias) jaio zen 1911n, eta 36ko gerran faxisten aurka borrokatu zen, CNT sindikatu anarkistako militante gisa. 1940ko hamarkadan, klandestinitateko CNTko idazkari nagusi izendatu zuten, eta Frantziako Estatura erbesteratu zen, baina klandestinitatean zebiltzan militanteetan ohikoa zen moduan, muga pasatu zuen hainbatetan.
Hain zuzen ere, horietako batean hil zen, 1946ko abenduaren 3an, Mezkiritz inguruan (Nafarroa), gerran gaizki sendatutako zauri batek aurrera egitea galarazi ziolako. Orain, dokumentazioa aztertuz, Gipuzkoako CNTko Oroimen Taldeak jakin ahal izan du Erron (Nafarroa) lurperatu zutela, dokumentazio faltsuarekin.
Alarguna laguntza eske
Franco hil ostean, 1980an, Miyar Escandonen alargun Consuelo Hevia Gonzalezek alargun pentsioa eskatu nahi izan zuen, eta hala adierazi zion epaitegi bati. Ordea, epaitegiak Miyar Escandonen heriotza baieztatuko zuten testigantzak behar zituen, eta, horretarako, Ramon Alvarez Palomo Ramonin-i (Gijon, Asturias, 1914—2003) laguntza eskatu zion emakumeak.
Izan ere, Asturiasko CNTko militante ezaguna zen Ramonin: besteak beste, lurraldeko sindikatuaren idazkari nagusi izan zen 1930eko hamarkadan, 1934ko iraultzan parte hartu zuen, 36ko gerran borrokatu zen eta klandestinitatean ibili zen 1940ko hamarkadan.
Ramoninek, era berean, Julian Angel Aransaez Caicedori (Sestao, Bizkaia, 1916—Anglet, Lapurdi, 2001) eskatu zion laguntza, 1980ko irailaren 25ean bidalitako gutun baten bidez. Hego Euskal Herriko CNTko militantea zen Aransaez, beste hainbat jardueraren artean, 1940eko hamarkadan mugaren alde batetik bestera klandestinitatean ibilitakoa. Zera zioen Ramoninek gutunean: «Albiste txarrak iritsi dira Antonio Miyarri buruz egiten ari garen gestioei buruz. Agoizko (Nafarroa) fiskalak 1946ko abenduaren 3an Mezkiritz inguruan hilda ikusi zuten bi pertsonaren testigantza behar du. Zuk eta nik ezin dugu, izapidetzen ari diren espedientean deklarazio batean agertzen garelako. Beste bi izan behar dira, Nafarroako edo eremu horretako beste edozein tokitako bizilagunak izan daitezkeenak. Deklaratu dezakete, adibidez, klandestinitatean pasatzen zirela eta han ikusi zutela; ezagutzen zutela egun haietan Baionan ikusi izan zutelako. Abokatuaren fedepean, gauza bakarra esan diezazuket: izapide soila da, eta ez du inolako arazorik deklarazio egileentzat».

Felix Likiniano, Maria San Roman, Vida Frac, Juan Frac, Manuel Chiapuso eta Kasilda Harnaez anarkistak, 1950ean, Biarritzen. (Argazkia: Jose Ignacio Orejasen artxiboa)
1930eko eta 1940ko hamarkadetan, Donostiak bildu zituen Euskal Herriko anarkista ezagunenak, eta, hain zuzen ere, haiengana jo zuen Aransaezek laguntza eske. Gutun bat idatzi zien Chiapusori, Likinianori eta Hernaezi, honakoa adieraziz: «Gogoan izango duzue, Espainiarantz klandestinoki joanda, Espainiako gerran jasandako zauriaren ondorioz egoera fisiko eskasean egonik, Mezkiritz inguruan mendian hil zen lagun hura… Haren gidaria zorigaiztoko albistearekin itzuli zen Baionara, eta erabaki zenuten gidariarekin joatea hilotza zegoen lekuraino, eta han ikusi edo egiaztatu zenuten haren heriotza, eta erabaki zenuten gidariak berak utz zezala errepidetik hurbil, aurkitua izan zedin eta hilerririk hurbilenean lurperatu zezaten». Horrela, hori epailearen aurrean deklaratzeko eskatu zien Aransaezek Chiapusori, Likinianori eta Hernaezi, alargunak pentsioa kobratu ahal izan zezan.
Gipuzkoako CNTko Oroimen Taldekoek ezin izan dute argitu azkenean deklaratu ote zuten, ezta alargunak pentsioa kobratu ahal izan zuen ere, baina Miyar Escandon non lurperatu zuten argitu dute: Erron (Nafarroa) lurperatu zuten. Hara joan dira bisitan, baina hilerria dagoeneko ez da existitzen, eta «segur aski, gorpuzkiak hezurtegi orokorrera botako zituzten». Hala ere, omenaldi xume modura, CNTren bandera jarri zuten hilerria zegoen tokian, han militante bat lurperatu zutela gogorarazteko.