Ander Makazaga Conde, ZINEA ATARIA

Heriotzaz hitz egiteari utzi, bizirik jarraitzeko

ACROSS THE RIVER AND INTO THE TREES

Zuzendaria: Paula Ortiz.

Urtea: 2022.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Federico GarcIa Lorcak idatzitako Bodas de sangre antzezlanaren egokitzapen librea zuzendu ostean, Paul Ortizek literaturaren hegalpean aurkitu du beste behin babesa, Across the River and Into the Trees bere hirugarren filma emaitza duena. Enkarguz iritsi zaion proiektua bada ere, zintzo bezain duin eutsi dio Ernest Hemingwayren izen bereko eleberri existentziala irudi bidez kontatzeko ardurari.

Bigarren Mundu Gerra bukatu berritan girotuta, Richard Cantwell (Liev Schreiber) gudaroste estatubatuarreko koronelaren eta familia aberats bateko alaba den Renataren (Matilde De Angelis) arteko enkontru eta desenkontruak izango dira filmaren motorra; literaturaz, arteaz, bizitzaz eta munduan egokitu zaien tokiaz jardungo du bikote protagonistak, Venezian. Bataren zurruntasunak eta axolagabetasunak bestearen bizitasunarekin egingo du talka, zentzurik onenean, eta elkarren artean mantenduko duten orekak eta entendimenduak Hemingwayren obran konstante diren gaiak ekarriko ditu lehen lerrora.

Idazle eta kazetari estatubatuarraren antifaxismoa eta jarrera antibelizista Cantwellen ahotsean pertsonifikatuko da, gizakia eta bere patua, deshumanizazioa, eta hartutako erabakien zama eta errua garraiatuko dituelarik. Horrela, aitortuko du, isilpean gordetako min kronikoak (fisikoa zein mentala) ahulduta: «Giza adorean sinisten dut, baina ikusi dut oso gutxi balio duela gerran». Haren kontrapuntu ameslari eta gaztea da Renata, koronelaren bizipoz suntsituaren alde borrokatuko dena, familiak inposatutako senargaiarekin zoriontsu ez dena. Errealitate eta bizimodu ezberdinak dituzte, baina bakardadeak, jasandako sufrimenduak eta itxi gabeko zauriek batuko ditu. Heriotzaren mehatxu hurbilak.

Zuri-beltzean eta formatu akademikoan errodatuta, Veneziak izaera fantasmagorikoa hartuko du, beharbada, inoiz ikusi ez ditugun ubide, kale eta plaza huts eta bakartiak erakutsiz. Ortizek 1940ko hamarkadako drama erromantiko klasikoen berrirakurketa delikatu eta ederra ondu du Across the River and Into the Trees filmean, baina sentimentalismo merkean erori gabe, gerrak eragindako traumetan jarri du fokua, eszenaratzeari berebiziko trataera melankoliakoa bezain gizatiarra emanez. Aldiz, askabiderako irtenbide bakarra proposatuko digu zinemagile espainiarrak. Koadroa zapaldu egingo da, koloreak pantaila hartuko du, eta iraganeko erabakietan harrapatuta arima galduek norbere buruarekin adiskidetzeko behar tragikoa sentituko dute.

HITZAkide HITZAkide