Segurtasuna, polizia indarkeria eta diskurtso arrazistak Donostian
Segurtasuna bihurtu da donostiar askoren kezka iturri nagusia. Egia auzoan, behintzat, azken hilabeteotan bolo-bolo dabil gaia, lapurretak direla eta bestelako erasoak direla. Gazte migranteak direlakoan eraso hauen iturburu, diskurtso arrazistak indarra hartzen ari dira. Txanponaren beste aldeari begiratzeko saiakera egin dugu: pobrezia eta Poliziaren biolentzia direlako arazoaren iturburua.

Ohikoa da eszena: Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren autoak aparkatuta Tabakalera kanpoan, espaloi erdian. Batzuetan kafea hartzera joateko aparkatzen dute bertan, besteetan, Tabakalerako segurtasuneko langileek deituta esku-hartzeak egitera doaz. Askotan, besterik gabe, Blas de Otero plazan egoten dira, zelatatzen. Deigarriena da, kasu horietan guztietan, kale egoeran bizi diren gazte migranteak direla Poliziaren begipuntuan daudenak. Batez ere, jatorri magrebtarra duten eta kale egoeran dauden gazteak, hain zuzen.
Joan den asteazkenean gertatutakoa litzateke eredu argiena. El Diario Vasco-n zabaldu zuten «borroka jendetsua» izan zela, eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku hartu behar izan zutela, gazte mordo bat identifikatuz eta miatuz.
Indarkeria polizialaren erregistroa egin asmo duen kolektiboa da Txago, eta bertako kide den Leire Garciak hedabide honi kontatu zionez [izena asmatua da], hedabideek zabaldutakoa «ez da egia»: «Ni bertan izan nintzen eta ez zen inolako borrokarik izan». Garciak «den-dena» ikusi zuen, eta, kontatu zuenez, normalean baino jende gehiago zegoen elkarte batek banatzen zuen bazkaria jasotzeko, eta tentsio apur bat sortzen hasi zen. Itxuraz, bizilagun batek Poliziari deitu zion, borroka bat izan zela salatuz. «Orduan, hogei bat ertzain eta udaltzain agertu ziren, eta auto pila bat, eta gazteak identifikatzeari ekin zioten. Askok korrika ihes egin zuten, baina besteak paretaren kontra jarri zituzten».
Segurtasunari lotutako kezkak Egian
Joan den urtetik hona, segurtasunari lotutako kezka zabaldu da Egia auzoan. Kaioa tabernaren inguruan izandako liskarrek, eta hainbat hedabide eta alderdik zabaldutako mezuek handituriko kezka.
Aurtengo datuak eskuan izan gabe —azken datuak 2022koak dira—, Egia auzoan delitu txikiak handitu dira, inguruko auzoetan bezalaxe. Horrekin batera, ordea, auzoan segurtasun faltaren diskurtsoa zabaldu da, eta, jatorri magrebtarreko gazteen aurkako jarrera eta mezuak ugaritzen ari dira.
Azken datuen arabera, Donostia izan zen, 2022an, delituak gutxien handitu ziren EAEko hiriburua. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dituzten datuen arabera, 14.594 delitu gertatu ziren, hau da, 2021ean baino %14,86 gehiago —2021ean 12.705 delitu gertatu ziren—. Gainerako hiriburuen datuei erreparatuta, ordea, Gasteizen delituak %19,97 handitu ziren, eta Bilbon, aldiz, %28,79.
Erdialdea eta Parte Zaharra
Aurtengo apirilean, Donostiako segurtasunaren memoria aurkezterakoan, delitu gehien izan zuten auzoen inguruan galdeginda, Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak adierazi zuen Erdialdean eta Parte Zaharrean gertatu zirela delitu gehien, «aisialdi gune gehienak han daudelako». Egiako bizilagunek «segurtasun faltagatik egindako salaketen harira», berriz, Ibabek esan zuen Egiako delituen kopurua nabarmen igo zela, eta ez zela pertzepzio soil bat. Udaleko iturrien arabera, delituen igoera %29,5ekoa zen, delitu guztien %8,2. «Egunero gaude auzoan, gure presentzia nabari da. Bizilagunekin hitz egin dugu, eta eurek ikusten dute egunero dagoela Udaltzaingoa eta Ertzaintza auzoan. Gure plan estrategikoetan lehentasunetako bat da Egiako segurtasuna hobetzea», azaldu zuen Ibabek.
Ibabek aurreratu zuen plangintza bat lantzen ari zirela Egiako egoerari erantzuteko: «Gure lana delituak gutxitzea da, eta lan hori poliziala da. Dena dela, Egian landu beharreko beste alor batzuk daude. Hala nola, judiziala eta soziala. Gure asmoa da presentzia poliziala areagotzea, baina polizia ez bisualaren bidez. Hau da, herritarrez jantzitako poliziekin indartuko dugu auzoaren segurtasuna», nabarmendu zuen Ibabek.
Segurtasuna eta diskurtso arrazista
SOS Arrazakeriako eta Hiritarren Harrera Sareko kideek egoera konplexua dela ohartarazi dute: «Segurtasunaz hitz egitea ezinbestekoa da, baina guztion segurtasunaz». Egunero lan egiten dute kale egoeran dauden gazte migranteekin, eta beste begirada bat eskaintzeko gai dira. Garazi Montuschi ekintzailea oso zorrotza da: «Ez da ezer berria: gero eta pobrezia gehiago, gero eta delinkuentzia gehiago. Ez badugu alde horretatik begiratzen, jai dugu».
Ez dute ukatzen delituek gora egin dutenik, baina gazte magrebtarrei egoztea, denak berdinak izango balira bezala, ez da bidea: «Delituak denetarik dira, baina gehien igo dena lapurreta txikiak dira. Okindegian eta Eroskin ari dira izaten lapurretak… Janaria da lapurtzen ari direna, gose direlako!».
Segurtasunaren inguruko datuek, gainera, arazo nabarmen bat dute egoera irakurtzerako orduan. Honela azaltzen du Paul Rocher ikerlariak Qué hace la Policía y cómo vivir sin ella liburuan (Katakrak, 2023): «Erantzuna sinplea bezain kontraintuitiboa da: Poliziaren zifrek ez dute delinkuentziaren errealitatea neurtzen, polizien eta jendarmeen jarduera neurtzen dute».

Ertzaintzako agenteak bi gazte identifikatzen eta miatzen, Egiako Atotxako plazan, bi haurren begiradapean. (Argazkia: Xalba Ramirez)
Zurrumurru arrazistak
Bizilagunen artean arriskutsuak diren mezuak ari dira zabaltzen. Jai Alaiko Villa Salia izan daiteke adibide bat. Delinkuentziaren igoera salatzen dute, eguneko zentroak delinkuenteak ekarriko dituelako ustearekin. Zurrumurru arrazistak dakartza horrek; adibidez, gazteak atxilotzen dituztela, eta segituan aske uzten dituztela.
Peio Aierbe ekintzaileak gogoratu du Eneko Goia alkateak, «nahigabe bada ere», honelakoak zabaldu zituela. Aste Nagusiaren testuinguruan egin zituen deklarazioak Goiak, eta «kezkagarritzat» jo zuen «delituak egiten dituzten pertsona horiek ate batetik sartu eta bestetik irteten direla ikustea, eta oso denbora gutxian kalean amaitzen dutela ikustea». Alkatearen ustez, «delitu horiek, banan-banan hartuta, larriak ez badira ere», delitu pilaketagatik «neurri handiagoren bat» hartu beharko litzateke, gai horretan «nolabaiteko ezintasun sentsazioa» baitago.
Zer ari da gertatzen Donostian?
Gazte magrebtarren eta segurtasunari lotutako eztabaidak ziklikoak dira azken urteotan hirian. Moraza kaleko etxea, Fires, Infernua, Mundaiz, Martutene… denek dute patroi antzekoa: kale egoeran dauden gazte batzuk etxe batean sartzen dira, istiluak hasten dira bizilagun batzuekin, eskuineko hedabideek alarma sortzen dute, eta esku hartze polizial biolento bat dago. Gazteak beste leku batera doaz, haserreago, eta frustratuago.
Urrutiagora joan gabe, uda honetan Martutenen gertatutakoa da horren lekuko. Auzoan lapurretak eta delitu txikiak ugaritu ziren, ustez, okupatzen ari ziren eraikin bateko gazteen aldetik. El Diario Vasco-k titular probokatzaile eta zeharo kriminalizatzailearekin eman zuen gertakarien berri: Ratas, basuras y un puñado de okupas en Martutene.
Bizilagunen ezinegonak norabide «arriskutsua» hartu zuen hilabete batzuk atzera. Izan ere, «autodefentsarako» deia egin zuten hainbat bizilagunek, «segurtasun brigadak» antolatuz. Bizilagun batek azaldu duenez, «usain txarra» hartu zioten, «indarkeriaren apologia» egiten zutelakoan.
Hitzaldi bat antolatu zuten auzo elkartearen lokalean, «autodefentsa erakutsi» nahi zuen ertzain baten eskutik. Bizilagun batek azaldu duenez, aurkezpenaren lehen diapositiban Francoren eta Primo de Riveraren irudiak ageri ziren: «Kareta erori zitzaien mugimendu horren atzean zeudenei; azken finean, eskuin muturreko diskurtsoa zabaldu nahi zuten, segurtasunaren aitzakian».
Elkarte antiarrazistek topaketa batzuk eskatu dizkiote udalari, «Martutenen bizi diren gazte migranteak eta auzokideak elkar ezagutzeko». «Pertsona horiei aurpegia jartzea ezinbestekoa da, eta haietaz dugun ideia aldatzea», azaldu dute. «Zer gertatu da? Udalak beste alde batera begiratu du. Udalak ez duenez egingo, orain geratzen zaiguna da gure artean antolatzea. Tamalez, guk ez dugu nahikoa bitartekorik», azaldu du Montuschik.
Pobrezia borrokatu, ez pobreak
SOS Arrazakeriak eta Harrera Sareak argi dute begirada handitzea eta erakundeen parte hartzea dela arazoari irtenbidea emateko bide bakarra: «Gainontzeko irtenbide guzitak xenofobia eta aporafobia dira», dio Ane Gerendain elkarteko kideak.
«Bi hankekin» lan egin behar dela dio Aierbek: «Erakunde publikoak eta gizarte erakundeak. Ezin da onartu hainbeste jende kale egoeran egotea: kale gorrian egotea da dagoen gauzarik txarrena. Kale hezitzaileak, aterpetxeak, eguneko zentroak, bestelako espazioak… asko dira beharrak». Tamalez, egoera ez da nahiko luketen modukoa. Montuschik, berriz ere, argi eta garbi dio: «Urgentziazko egoeran bizi gara. Gero eta boluntario gehiago ari gara erakunde publikoek egin beharko luketena egiten: geure denborarekin eta diruarekin ari gara aurre egiten gosearen arazoari, arroparen arazoari…».
Migranteak gero eta okerrago daudela dio Gerendiainek. «Oso tristea da ikustea nola egiten duten okerrera urtebetean. Guri tokatzen zaigu esatea kalean egon beharko dutela hilabeteetan zehar. Oso gogorra da entzutea okerrago daudela orain, ibilbide migratorio osoan zehar baino. Gogorragoa da negu bat Donostian, Argeliatik Algecirasera egin duen bidaia latza baino!», dio Gerendiainek, hunkituta eta suminduta.
Polizia gehiago, zertarako?
Martin Ibabek egindako deklarazioen harira, kontu handia eduki behar dela uste dute gizarte erakundeek. Oxford unibertsitateko David Bayley ikerlariak honela dio Police for the future artikuluan: «Poliziak ez du delinkuentzia ekiditen. Hau da bizitza modernoan ondoen gordetako sekretuetako bat. Adituek badakite, Poliziak badaki, baina jendeak ez daki. Hala ere, Poliziak simulatzen du bera dela gizarteak delituaren aurrean duen defentsarik onena, eta etengabe argudiatzen du baliabide gehiago izango balitu, batez ere langile gehiago, herritarrak delituaren aurka babestu ahalko lituzkeela. Hori mito bat da».
Delinkuentziari aurre egiteko bideek kezka sortu dute kolektiboen artean. Aierbek argi dio: «Gizartearen arazoak ezin dira Poliziaren bidez konpondu. Jendea kalean egotea edo gosea pasatzen egotea arazo larria da; eta arazo horiek konpontzea ez da Poliziaren funtzioa».
Montuschi ere zorrotza da gaiarekin: «Polizia gehiagok ez du arazoa konponduko. Azken hiru urteotan Polizia gehiago dago Egian, eta ez du eragin zuzenik!».
Seguratsuna, lortu ezin daitekeen ilusioa?
Mark Neocleous ikertzaileak gaia heltzen du Maderos, chusma y orden social liburuan (Katakrak, 2022): «Segurtasuna mehatxupean dagoenaren etengabeko kexen atzean, mezu bikoitza dago: ‘segurtasuna hurrengo segurtasun produktuarekin etorriko da’ (kapitalaren mezua) eta ‘segurtasuna hurrengo segurtasun neurriarekin etorriko da’ (estatuaren mezua). Promesa behin eta berriz luzatzen da, eta horrek erakusten du promesa, azkenean, ilusiozkoa dela: baieztatutako gauza bakarra da ez dela inoiz benetako helburua lortuko. Segurtasuna ilusio bat dela ohartzen da».
Txagoko Leire Garciak salatzen duenez, «segurtasuna Poliziarekin lotzeko propaganda izugarria dago. Polizia gehiago behar dugula… Jendeak Polizia legitimatzen du ustezko segurtasunaren ideia batekin».
SOS Arrazakeriako kideek «guztien segurtasunaz» hitz egin behar dela uste dute: «Segurtasuna nola neurtzen da? Migratzaileen segurtasunarekin zer pasatzen da? Kalean lotan daudenean, eta Poliziak ostikoka esnatzen dituenean, eta euren gauzak lapurtzean edo puskatzean, non geratzen da segurtasuna?», galdetu dute. Biolentzia horrek, gainera, «espiral» bat sortzen duela iritzi dute, muturreko posizioak are gehiago urrunduz.

Polizia operazioak eguneroko ogia dira Egiako lokal batean. Bizilagunak haserre daude, azken asteotan izandako lapurreta eta erasoen ugaritzearekin. (Argazkia: Xalba Ramirez)
Poliziaren gehiegikeriak
Txago kolektiboa hainbat salaketa jasotzen ari da eta, bereziki, gazte migranteen kasuan biolentzia fisikoa gehiago erabiltzen dela ohartarazi dute: «Pertsona zuriengan ez da horren nabarmena. Gorputz batzuk gehiago zaintzen dira, eskubide gehiago dituztelako».
SOS Arrazakeriako kideek egunero ikusten dituzte Poliziaren jokabide arrazistak: «Lehengoan, Ertzaintzak magrebiar bat gelditu zuen gure lokal ondoan: ‘Zu ez zaitugu inoiz identifikatu, ezta?’ Eta orduan, fitxa poliziala bete zuten, hatz marka eta guzti, paretaren kontra miatuz, pasatzen zen jendearen aurrean, are gehiago kriminalizatuz». «Kontrol etnikoa da, zalantzarik gabe», dio Aierbek.
Montuschik kontatu duenez, kalean lan egiten du egunero ordu eta erdiz, kale egoeran dauden magrebtarrekin: «Inoiz ez dugu arazorik izan, baina egunero daukagu Udaltzaingoaren auto bat gure ondoan; gaur, bi. Pasatzen den jende guztia begiratzen jartzen da, pentsatuz zerbait egin dutela. Zergatik daukagu Polizia hor? Donostiako gizartean, oraintxe bertan, magrebtar talde bat kalean egoteak segurtasun eza dagoela esan nahi du automatikoki».
Salatu dutenez, asko ari da zabaltzen begirada arrazista, magrebtar guztiak zaku berean jartzen dituena: «Gazteekin kafe bat hartzera joan izan naiz eta ez digutela zerbitzatuko esan digute Egian, Erdialdean eta Grosen. Oso fuertea da», kontatzen du Gerendiainek. Izugarrizko kriminalizazioa bizi dute gazteek: «Gurekin aritzen den gazte bat Eroskin zegoen coca-cola bat erosten, diruarekin. Kutxazainak ez ziola salduko esan zion eta, gazteak, suminduta, Ertzaintzari deitu zion, bidegabea zela argudiatuta. Bada, Ertzaintzak gaztea bota zuen. Zer eskubiderekin gertatzen da hori?», salatu du Gerendiainek.

Harrera Sareko Garazi Montuschi, kale egoeran dauden gazteak laguntzen. Egunero egiten du lan hori, eta Poliziaren presentzia etengabea salatzen du. (Argazkia: Xalba Ramirez)
Irtenbidea: auzo biziak, auzo antolatuak
Zalantzarik ez da segurtasunaren inguruko kezka nagusitzen ari dela Egian, Martutenen eta Donostian. Baina segurtasunaren eztabaida ezin da lotu soilik Poliziarekin. Segurtasunari lotuta, ez dira horrenbeste kexa entzuten etxejabeek jartzen dituzten errenta altuekin edo lehen hiru arrandegi zeuden kalean bakarra geratzearekin.
Demagogia dirudi gai aldaketak, baina auzo baten bizitza galtzen ari da pobrezia handitzen ari den bitartean. Katebegi ahulenarekin ari gara borrokatzen delinkuentzia txikia salatzen dugun bakoitzean, eta arazoaren erroa ahazten dugu delinkuente handiak salatu gabe utziz. Langile auzoetan ez litzateke lapurretarik, ez eta erasorik onartu behar. Eta horretarako, antolatzea beste biderik ez dago. Antirrazismotik eta Poliziarik gabe. Errazagoa dirudi munduaren amaierak Poliziaren amaierak baino.