Zardoya-Otis eremuko etxebizitzen proiektuaren aurka mobilizatu dira
Herrerako Herripe auzo elkarteak deituta, 100dik gora lagun mobilizatu dira larunbat goizean auzoan, Zardoya-Otis eremuan egin nahi duten hirigintza garapenaren aurka. Herrerako tren geltokitik abiatu eta bertan bukatu dute manifestazioa, eremu guztia inguratu ostean.
Izan ere, Donostiako Udalak 400 etxebizitza inguru egin nahi ditu garai batean industriala izandako eremu horretan, eta proiektuari dagozkion berdeguneetako 5.000 metro koadro inguru Igeldoko Erregenea eremura eramango dituzte. Horrela, Herrerak zein Altzak berdegune eta ekipamendu gehiago behar dituela argudiatuta, Herripe eta bizilagun ugari proiektuaren aurka agertu dira hasieratik. Bestalde, Altzako berdegune falta agerian uzten duen ikerketa bat egin dutela azaldu dute mobilizazioaren bukaeran, eta azaroaren 7an aurkeztuko dutela, Tomasene Kultur Etxean.
Herritarren ezinegona gelditu zen duela bi aste, udaleko ordezkariek eta proiektua idatzi duten arkitektoek Tomasene Kultur Etxean egindako jendaurreko aurkezpenean. Askotariko kexak azaleratu ziren aurkezpenean, eta “benetako parte hartze prozesu bat” eskatu zuten han bildutako herritarrek. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusten ari da orain udala, eta, hain zuzen ere, berrikuspenean aurreikusten denak baldintzatuko du Herrerako eremu horretan eta hiri osoan datozen urteetan egingo dena; hedabide honek hirigintza birsortzailearen alternatiba mahai gaineratu zuen joan den astean, erreportaje zabal baten bidez.